GAUR8

Adin txikikoak eta Internet: «ondoan egon eta interesa erakustea», adituen gomendioa

Neska-mutilen errealitate digitala aztertu duen EHUren lan batek adin txikikoak «Interneteko erabiltzaile ahulenak» direla ondorioztatu du. Horren aurrean, ikertzaileek proposamen didaktiko bat landu dute eta irakasle eta familientzako «formakuntza egokirako zenbait gidalerro» garatu dituzte. Etxerako gomendioa: eremu horretan txiki-txikitatik familiak «bidelagun» izan behar du.

Rakel Gamito Gomez EHUko ikertzailea. (EHU)
Rakel Gamito Gomez EHUko ikertzailea. (EHU)

EHUren ikerketa batek 9 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek Interneten egiten duten erabilera ohiturak aztertu ditu. «Gaur egun, klik sinple batek galdera askoren erantzuna ekar dezake, baina sarri informazioa kontrolik gabe zabaltzen denez, klik sinple berak bizitza hankaz gora jar dezake eta, horren aurrean, adin txikikoak erabiltzaile ahulenak dira», azaldu du Rakel Gamito Gomez EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko ikertzaileak.

Adin txikikoek Internet zelan eta zertarako erabiltzen duten aztertzeaz gain, lanaren bigarren helburua ikasleengan «erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia piztea» izan da. Horregatik, «proposamen didaktiko bat landu eta formakuntza egokirako zenbait gidalerro» garatu dituzte eskola eta familiei zuzenduta.

Aisialdirako, batez ere

Lanaren emaitzei dagokienez, EHUko ikertzaileek ondorioztatu dute «Lehen Hezkuntzako ikasleen artean Internet eta batez ere mugikorren erabilera orokorra» dela. Gamito Gomezek adierazi duenez, aisialdirako erabiltzen dute batez ere eta «egoera gatazkatsuak: ziberbulling-a, ezezagunekin kontaktua, eduki ezegokiak…» espazio horretan ematen dira, hain zuzen ere.

«Adin txikikoak ez dira sareko arriskuez kontziente. Adibidez, teoria mailan arriskutsua dela adierazi arren, euren erabilera-ohiturei buruz hitz egiterakoan ez dituzte arriskutsutzat ulertzen ezezagunekin kontaktua izatea edota datu pribatuak sare sozialen bitartez zabaltzea bezalako praktikak», azaltzen du EHUko ikertzaileak.

Horren ondoan, irakasleek eta familiek adin txikikoen errealitate digitalari buruz duten ezagutza «partziala» dela nabarmentzen du Gamito Gomezek, jakin badakitelako erabiltzen dutela «baina ez dituzte ezagutzen bizi dituzten egoera gatazkatsuak».

Irakasleei zuzenduta Lehen Hezkuntzako geletan lantzeko proposamen didaktiko bat diseinatu du EHUk, «hiru saio eta zenbait dinamikaz» osatuta.

Familien kasuan, adituak nabarmentzen du «erabilera ohitura seguru eta arduratsuak eraiki» behar direla. «Alegia, seme-alaben ondoan egon, zertan ari diren ikusi, interesa erakutsi eta, batez ere, ulertu eremu horretan ere bidelagun izan behar dela familia txiki-txikitatik».