GAUR8

Arrano arrantzaleak behatzeko irtenaldiak Urdaibain

Urdaibai Bird Centerrek Afrikatik bueltatutako arrano arrantzaleak behatzeko doako irtenaldiak eskainiko ditu udan barna

Kartela
Kartela

2013 eta 2017 urte bitartean Eskoziatik ekarritako 60 arrano askatu ziren Urdaibain, espezie hori berreskuratzeko proiektu baten barruan. Arrano gazte horiek “Highland Wildlife Foundation” taldeko adituek habi desberdinetatik ekarri zituzten hiruzpalau aste zituztenean. Denbora batez Urdaibai inguruan moldatu ondoren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko biologo eta adituek egoki monitoritzatu eta gero –hegaztien joan-etorrien informazio zehatza bildu ahal izateko–, irailaren erdialdean askatu zituzten Afrikarantz abia zitezen.

Aurten lau irtenaldi antolatuko dira Afrikatik Urdaibaiko paduretara itzulitako arranoak behatzeko. Irtenaldiak Oka ibaiaren eskuinaldetik burutuko dira arrano arrantzaleak baldintzarik onenetan behatu ahal izateko. Bi ordu luzeko paseo gidatuan, arrano arrantzaleak ez ezik, paisaia eta arranoekin bizilekua eta espazioa partekatzen duten hegaztiak behatuko dira paraje zoragarrian.

Hamar laguneko taldeak

Irtenaldiak honako egunetan daude antolatuta: abuztuaren 7,14,21 eta 28.
Koronabirusak sortutako egoera berezia dela eta, taldeak gehienez hamar lagunekoak izango dira. Hartara, behaketa horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, esanda bezala, plazak mugatuak direlako (telefonoak: 946251157 eta 699839202).
Irtenaldi guztiak goizeko hamarretan abiatuko dira eta bi ordu eta erdiko iraupena izango dutela kalkulatzen da. Informazio gehiago eskuragarri dago www.birdcenter.org helbidean.