GAUR8

Groenlandiako urtzeak itzulerarik gabeko puntua gainditu du

Sateliteek ia 40 urtean Groenlandiaren gainean eman dituzten datuek erakusten dutenez, hango glaziarrak hainbeste murriztu dira, ezen, berotze globala gaur etengo balitz ere, izotz-geruzak murrizten jarraituko bailuke.

Groenlandiako izotz galera planeta osorako arazoa da
Groenlandiako izotz galera planeta osorako arazoa da

“Nature Communications Earth and Environment” aldizkarian argitaratutako aurkikuntza horrek esan nahi du Groenlandiako glaziarrek halako inflexio-puntu batera iritsi direla: izotz-geruza urtero berritzen duen elurteak ezin dio eutsi ozeanorantz doan izotzaren erritmoari.

Michalea King-ek, Ohioko Estatuko Unibertsitateko Ikerketa Polar eta Klimatiko Byrd Zentroaren ikerketaren egile nagusiak esan zuenez, teledetekzio-behaketak aztertu dituzte, izotzaren deskarga eta metaketa nola aldatu diren aztertzeko. “Topatu duguna da ozeanoan deskargatzen den izotza izotz-geruzaren azalean metatzen den elurra baino askoz gehiago dela".

Kingek eta beste ikertzaile batzuek Groenlandiaren inguruko ozeanoan itsasoratzen diren 200 glaziar handi baino gehiagoren hileroko datuak aztertu zituzten. Haien behaketek erakusten dute zenbat izotz puskatzen den icebergetan edo zenbat urtzen den glaziarretatik ozeanora. Halaber, glaziar horiek nola berritzen diren erakusten dute, urtero erortzen den elur kantitatea neurtuz.

Ikertzaileek ikusi zuten 1980ko eta 1990eko hamarkadetan metatutako elurra eta urtutako edo glaziarretatik askatutako izotza gehienbat orekan zeudela, izotz-geruzari bere horretan eutsita. Hamarkada horietan zehar, ikertzaileek ikusi zuten izotz-geruzak 450 bat gigatona izotz (450 mila milioi tona inguru) galtzen zituela urtero glaziarren irteera-fluxuagatik, baina elurteek ordeztu zituzten.

2000. urtetik, izotz galera etengabea

Ikertzaileen azterketak erakutsi zuen urtero galtzen den izotz-kantitatea 2000. urtearen inguruan etengabe handitzen hasi zela. Glaziarrek urtean 500 gigatona inguru galtzen zituzten. Elurteak ez ziren neurri berean handitu, eta azken hamarkadan, glaziarren izotz-galeraren tasak bere horretan iraun du gutxi gorabehera.

2000. urtea baino lehen, izotz-geruzak urtero masa irabazi edo galtzeko aukera bera izango zuen, gutxi gorabehera. Gaur egungo klimarekin, berriz, izotz-geruzak 100 urtetik behin baino ez du masa irabaziko.

“Glaziarren atzerakadak izotz-geruza osoaren dinamika kolpatu du etengabeko galera-egoeran”, esan zuen Ian Howat, artikuluaren egileetakoak eta Ohio Statekko Lurraren Zientzietako irakasle eta unibertsitateko akademiko itzaltsuak. "Klimak berdin iraun edo are pixka bat hoztuko balitz ere, izotz-geruzak masa galtzen jarraituko luke".

Groenlandiako glaziarrak murriztea planeta osorako arazoa da. Izotz-geruzetan urtzen edo askatzen den izotza Ozeano Atlantikoan amaitzen da eta, azkenik, munduko ozeano guztietan. Groenlandiako izotza itsas maila igotzearen eragile nagusietako bat da. Iaz, ozeanoak 2,2 milimetro handitzeko adina izotz urtu edo askatu zen bi hilabetean hango izotz-geruzatik.