GAUR8

Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea, berriro, Formula Student-eko «Top 10»-ean

Silverstonen aurten modu birtualean egin den lehiaketan parte hartu duten 85 taldeen artean, seigarren tokian geratu dira Bilboko Ingeniaritza eskolako ikasleak. Bigarren urtez sailkatu dira lehenengo hamarren. Hurrengo edizioari begira, ibilgailuaren 3D diseinua eta modelatzea amaituta daukatela iragarri dute.

Aurreko edizioan aurkeztutako monoplaza. (EHU)
Aurreko edizioan aurkeztutako monoplaza. (EHU)

Aurtengo edizioa atipikoa izan da, pandemia dela-eta modu birtualean egin behar izan baita proba. Hala ere, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Taldea lehenengo postuen artean kokatu da, seigarrenean, hain zuzen ere, parte hartu duten 85 taldeen artean.

Taldeak «pandemian eragindako egoera txarretan lan egiteko antolaketarako eta aurreikuspenerako erakutsi duen gaitasuna» nabarmendu zuten lehiaketako arduradunek. Izan ere, aurtengo taldea osatzen duten 66 ikasleek aurreko edizioko posizioa hobetu dute mundu osoko 85 unibertsitatek parte hartu duten porba birtualaren sailkapenean.

Egokitzeko gaitasuna

Lehiaketaren emaitza jakindakoan, Asier Zubizarreta Ingeniaritza Eskolako irakasle eta proiektuaren tutoreetako batek adierazi zuenez, «pandemia dela-eta 2020ko denboraldia oso atipikoa izan den arren, taldeak egokitzeko gaitasuna eta prestakuntzarekin duen konpromisoa erakusten jarraitu du, talentua sortzeko eta parte-hartzaileak prestatzeko».

FSB2020aren diseinuak, FSB2019 arrakastatsuaren oinordekoak, epaileen laudorioak jaso zituela gogorarazi zuten, diseinu eraginkorra eta mantentzen erraza delako eta FSBizkaiak azken hirurteko honetan garatu dituen bi motorretan oinarritutako teknologiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko modua ematen duelako.