GAUR8

Literatura eta Musika Euskaraz zikloa, berriro Bilboko Arriaga antzokian

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak lankidetzan antolatzen duten Literatura eta Musika Euskaraz zikloa gaur itzuliko da «Lejos de Euskaria» izenburuko emanaldiarekin. Hala, Ariadna Martínez sopranoak eta Antonio Oyarzabal pianistak Julián Martínez de Villar euskal konpositorea omenduko dute.

Julian Martinez de Villar (Bizkaia FA)
Julian Martinez de Villar (Bizkaia FA)

Literatura eta Musika Euskaraz zikloa gaur itzuliko da Arriaga Antzokira. Bertan, Ariadna Martínez sopranoak eta Antonio Oyarzabal pianistak Julian Martinez de Villar konpositore laudiarra gogoratuko dute. Bi musikari halaber laudiarrek «erdi ahaztuta» dagoen konpositorea berreskuratu nahi dute.

Zikloaren antolatzaileek azaldu dutenez, Julian Martinez de Villar pianista, konpositore, moldatzaile, zuzendari eta musika irakasleak lan emankorra egin zuen Euskal Herria eta Amerika artean 50 urtetik gorako ibilbide profesionalean, XIX. mende amaierako Bilbon hasita. Handik Mexikora eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen eta bertan finkatu zuen bere bizilekua 1944an hil zen arte.

Hala ere, musika genero tradizional eta klasikoei egin zien ekarpena «ia guztiz ahaztuta geratu da bere herrian». Hori dela-eta, Martinez de Villarrek pianorako eta ahotserako idatzi zituen pieza eta moldaketa garrantzitsuenen aukeraketa argitaratu gabea grabatu zuten Antonio Oyarzabalek eta Ariadna Martinezek orain aspaldi ez dela.

Laudioko artistek arreta berezia eman diete euskal abesti herrikoiak harmonizatzeko egin zituen ekarpenei. Izan ere, Martinez de Villar inoiz itzuli ez bazen ere, ez zuen bere sorterria ahaztu, haren lanek erakutsi dutenez. Moldatu zituen euskal kantu herrikoien artean, “Maritxu nora zoaz” eta “Boga-boga marinela” abestiak daude. Halaber, mende bukaerako Bilboko giroa gogorarazten duten pianorako lanak ere konposatu zituen.

Gaur, 19:30ean hasita, “Lejos de Euskaria” haren zortzikoetako bati erreferentzia egiten dion izenburupean, melodia horietako batzuk eskainiko dituzte, Karmele Larrinaga antzezlea errezitatzaile dela.