GAUR8

Iman molekular berriak, erabilera anitzeko ikerketa bat EHUren parte hartzearekin

Nazio ikerketa-talde batek, EHUrekin batera, iman molekular berriak diseinatu ditu. Imanak «osagai erabakigarriak dira datuak prozesatzeko eta biltegiratzeko gailuetan» eta etxeko tresna elektriko gehienek erabiltzen dituzte. Hori dela-eta, material magnetiko berrien eskaera nabarmen hazi da. Ikerketak iman berriak diseinatu ditu, egun erabiltzen direnen antzeko propietateekin.

Rodolphe Clérac eta Itziar Oyarzabal ikerlariak. (EHU)
Rodolphe Clérac eta Itziar Oyarzabal ikerlariak. (EHU)

Nazioarteko ikerketa-talde batek EHUko zientzialarien parte hartzearekin  diseinatu dituen iman molekular berrien garrantzia eta proiekzioa ulertzeko, elementu magnetikoek dituzten erabilera anitzei erreparatu behar zaie. Unibertsitateko iturriek azaldu dutenez, imanak «osagai erabakigarriak dira datuak prozesatzeko eta biltegiratzeko gailuetan». Horrez gain, etxeko tresna elektriko gehienen motorretan erabili ohi dira, eta «ezinbestekoak dira energia berriztagarri askotan».

Izan ere, gogoratu dute erabilera zabal horri erantzuteko azken urteetan material magnetiko berrien eskaera nabarmen hazi dela. Errealitate horren datuak ere eman dituzte: «2019an material magnetiko ez-organikoen merkatu globalak 19,5 bilioi dolar balio zuen eta 2025erako 27,5 bilioira iristea espero da».

Hala ere, ohiko iman ez-organikoen gehienek «eragozpenak» dituzte, «hala nola energia asko kontsumitzen duen fabrikazioa» eta funtsezko osagaiak eskuratzeko zailtasunak».

Azaldu dutenez, arazo horiei aurre egin nahian «azken hamarkadetan iman berriak lortzeko ikuspuntu desperdinak garatu dira» eta «horietako bat molekula organiko merke eta ioi metaliko oparoen muntaketa arrazionaletan» zentratuta egon da. Arazoa da giro-tenperaturan funtzionatzen duten iman gutxi batzuk baino ez dituela eman orain arte, eta gehienek, gainera, «ez dute informazioa gordetzeko balio».

«Muga horiei aurre eginez, CNRS-Centre National de la Recherche Scientifique-n eta Bordeleko Unibertsitatean lan egiten duen ikerketa-talde batek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, 242 °C-ra arteko tenperaturan funtzionatzen duten iman molekular berriak diseinatu ditu», zehaztu dute.

Tradizionalak baino arinagoak

«Giro-tenperaturan erakusten duten koertzibitate handia dela-eta, informazioa gordetzeko erabili ahalko» liratekeela azaldu dute, eta «iman tradizionalak baino arinagoak direnez, pisua arazo den aplikazioetan –telefonoetan, sateliteetan...– gainezarri egin litezke».

Itziar Oyarzabal Epelde Lakuako doktoretza ondoko ikertzaile eta ikerketa honen partaideak dioenez, «propietate bikainak izateaz gain, nahiko erraza da iman horiek sintetizatzeko prozesua, ezagunak diren material metal-organikoak hartu eta elektroiak kimikoki injektatu baititugu bertan, erradikalak sortu eta hasieran baino elkarrekintza magnetiko indartsuagoak lortzeko».

«Erabilitako estrategia sintetikoa material askorekin erabil daitekeenez, aukera handiak eskaintzen ditu tenperatura altuko iman arinen belaunaldi berri bat prestatzeko», gaineratu du ikertzaileak.

Hala ere, zehaztu dute iman berriek egun erabiltzen direnen antzeko propietateak badituzte ere, «bide luzea» geratzen dela «eguneroko etxetresna eta gailu eletronikoetan aurkitu ahal izateko». Oyarzabalek aipatu duenez, «behin betiko materialak sortzeko bidea zein izan litekeen erakusten dute iman hauek», eta hor dago arlo honetan ikertzen jarraitzearen garrantzia.