GAUR8

Hirien klima-aldaketaren aurreko plangintzak ez dira egokiak, ikerlan baten arabera

«Mundu osoko hiririk handienak klima-aldaketari aurre egiteko prestatu dituzten plangintzek ez dute emaitza eraginkorrik lortuko epe ertain eta luzean, orain planteatu diren moduan». Adierazpena Marta Olazabal eta Maria Ruiz de Gopegui Basque Center for Climaten Change (BC3) zentroko ikertzaileek argitaratutako ikerlan baten «ondorio nagusia» da.

Bartzelonako hondartza bat, irudian. Hiri kataluniarra aztertutako bat da. (Josep LAGO/AFP)
Bartzelonako hondartza bat, irudian. Hiri kataluniarra aztertutako bat da. (Josep LAGO/AFP)

Ikerlanak munduko handienetakoak diren itsasertzeko 59 hirik prestatu dituzten egokitzapen-planak aztertzen ditu, dituzten sendotasunak eta ahuleziak kontuan hartuta. Lan honen oinarrian beste ikerlan bat dago; iazkoa da eta bertan BC3ko hainbat ikerlarik munduko 136 hiri aztertzen zituzten. Horregatik, nabarmendu dute «nazioarteko egungo egoerari buruz eskaintzen duen ikuspegia adierazgarritasun handikoa» dela.

Egungo plangintzen «eraginkortasun eza» aipatzen dutenean klima-aldaketaren inpaktuen aurrean «kalteberatasuna murrizteko» eta «hirien erresilientzia handitzeko» ez direla gai izango nabarmentzen dute ikerlariek.

Artikulua “Landscape and Urban Planning” aldizkarian argitaratu da, «ikerlan urbanoen eremuko aldizkari ospetsuenean».

Finantziazioa, justizia soziala...

Olazabalek azaldu duenez, «egokitzapen-planak eraginkortasun gutxikoak dira oraindik, besteak beste, finantziazio-prozesuak ez daudelako ondo zehaztuta, behar adina erantzukizun esleitzen ez direlako» edota  politika eta plangintza horien izaera arau-emailea eskas samarra delako. Arrazoien artean aipatu du, era berean, «klima-aldaketaren inpaktuei eta arriskuei buruzko ezagutza» ez dela sortzen ezta egoki erabiltzen ere, eta «ekitatearen eta justizia sozialaren inguruko gaiak artean ongi integratu gabe daudela».

Egokitzapen-planen diseinuan hiri batzuek beste batzuek baino ahalegin handiagoak egin dituztela baieztatu du ikerlanak eta atal horretan Los Angeles eta Baltimore (AEB), Montevideo (Uruguai), Lisboa (Portugal) eta Ulsan (Hego Korea) aipatzen ditu. Aldiz, emaitzarik okerrenak Hong Kong eta Shanghai (Txina), Sapporo (Japonia), edo Lurmutur Hiria (Hegoafrika) hirietako politikek lortzen dituzte.

Estatu espainolaren kasuan, Bartzelonako planak aztertu dituzte, eta ondorio berdinera heldu dira, «Espainiako hirien egokitzapen-planak ez dira diseinatu klima-aldaketaren aurrean eraginkorrak izateko».

Proposatzen dutena

Plangintza eraginkorrak diseinatzeko, BC3ko ikertzaileek zenbait ekintza proposatu dituzte. Horien artean, klimaren inguruan orain dagoen informazioa «plangintza-prozesuetan erabiltzeko modua hobetzea» planteatzen dute, baita «tokian tokirako finantziazio-bideak areagotzea, Udaletatik ez ezik baita eskualde eta herrialdeetatik ere».

Bestalde, egokitzapen-neurrien alderdi arau-emailea indartzea proposatzen dute «gomendioetatik haratago joateko», «monitorizazio eta ebaluazio-sistemak indartzea» eta «parte hartzeko koprodukzioko prozesuak sendotzea», talde kalteberak kontuan hartzea ahaztu gabe.