Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
EUSKARALDIA

Etorkinak eta euskara: batak besteari ematen dizkion aukerak baliatuta ekin

Asimilazio saiakerak bazter utzita, migrazio-saldoaren hazierak euskara zabaltzeko abagunea ematen du, baina nola? Etorkinek ez ezik, gizarte osoak du egitekoa auzi honetan.

Haur Eskoletan euskara bermatzearen aldeko manifestazioa Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Haur Eskoletan euskara bermatzearen aldeko manifestazioa Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Arazoa edo aukera. Migrazioak eta euskarak elkarren artean dialogatzeko saiakerak egiten direnean, migrazioa ala euskara eztabaidak sarri topatzen du bidetxurren bat hizkuntzaren beraren urkamendira daramana. Horregatik, hizkuntza aniztasuna “aukera” bat dela berretsi du Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Gaineratu du zenbait adituk defendatzen dutela elebitasunak hizkuntza gutxituendako arriskua egoera sor dezakeen bezala, eleaniztasunak aukera gehiago eman ditzakeela. Aniztasun hori badago Euskal Herrian: 120 hizkuntza inguru hitz egiten dira lurraldean.

Asimilazioaren aldeko politikak bultzatu izan dituzte kasu batzuetan hizkuntza dominante argi bat daukaten Estatuek, frantsesak, kasurako, eta etorkinak atzetik dakarren hizkuntza-poltsa, kultura, arpilatu; berba bakarraren, autoktonoaren, mesedetan. “Apopilo” gisa jotakoak ordaindu beharreko zerga.

Euskaraldiak, agian, egin diezaioke klik bat latinoamerikarrari, larinoamerikarra delako, lehenengo hitza gazteleraz esaten dion euskaldun autoktonoaren burmuinean, konturatzen denean, hara!, Ahobizi edo Belarriprest txapa soinean daramala.

Baina hizkuntza politika eta migrazioak hori baino konplexuagoak dira.

Migrazioa, gorantz

EAEko migrazio-saldoa positiboa izan zen 2019an (19.468 pertsona), azken 20 urteetako kopururik altuena; haziz doa, beraz. Eustatek emandako datuen arabera, Bizkaia izan zen biztanleria gehien irabazi zuen lurralde historikoa, 11.217 herrikide gehiago, aurreko ekitaldian baino %60 gehiago; Gipuzkoak, berriz, 5.389 (%11,5) eta Arabak 2.862 jaso zituen.

Hiriburuak izan ziren migrante gehien hartu zituzten udalerriak: Bilbora 4.856 pertsona mugitu ziren, Gasteizera 2.345 eta Donostiara 1.494.

2019ko urtarrilaren 1ean, Estatu espainiarretik kanpo jaiotako 94.647 pertsona bizi ziren Nafarroan, hau da, biztanle guztien %14,56. Milagro (%27,6 migratzaileak), Villafranca (bitzanleriaren %23,9), Funes (%23,6), Castejon (%21,1), Berriozar (% 19,7) eta Iruñea (%17) dira etorkin gehien dituzten udalerriak. Etorkinen kopurua hazten ari da, eta gehienak hiriburuetan, eremu urbanoetan, geratzen dira.

Hirigune horietan, eta baita Nafarroako erriberako udalerrietan ere, gaztelera da nagusi, euskararen kaltetan. Soziolinguistika Klusterraren “Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak” azterlanean argitzen da gaztelania erabat nagusi den udalerrietan, lehen hizkuntza gaztelania dutenen %23ak soilik ikasten duela euskaraz hitz egiten.

Bestalde, sandwich efektua aipatzen da ikerketa berdinean: maila ekonomiko baxuenetako eta altuenetako biztanleen hizkuntza nagusia gaztelera da, maila ertainetan du euskarak babes gehiago. Etorkin ugariren maila ekonomikoa beheko atalaseari dagokio, hortaz, euskarara gerturatzeko zailtasun gehiago izan ditzakete.

Belen Urangak datuok ñabartu ditu, halere. Azpimarratu du migranteak sakabanatuta daudela lurralde osoan. «Egia da hiriburuetan proportzio handiagoa dagoela, baina eskualde guztietan jatorri atzerritarreko biztanleen proportzioa %9-%10 bitartekoa da», esan du.

Bere ustez, hizkuntza politikak diseinatzeko orduan, etorkinen jatorriaren ezaugarriak bereizi behar dira, eta horien arabera estrategia landu. Gaztelera dakarten etorkinak, hiztun askodun komunitateak edo hiztun gutxiko hizkuntzak dakartenak errealitate desberdina aurkezten dute.

«Hizkuntza aniztasuna berez da ona, aukera bat izan behar du. Baina gurea bezalako lurralde batean, non hizkuntza bat biziberritze prozesuan dagoen, kontuan hartu behar dira parte hartzen duten aldagai guztiak. Guk planteatzen duguna da harrera gizarteak ulertu behar duela datorren aniztasuna eta modua bilatu behar du hemen dagoen prozesua hauspotzeko. Migrazioa ez da berria. Tokatzen zaigu konplexutasun ikaragarri baten aurrean plangintzak ondo egitea, ondo ezagutzea zein den egoera eta tresna guztiak ematea migranteak hizkuntzaren biziberritze prozesura batu daitezen», agertu du Belen Urangak.

Politika horiek martxan jartzeko lehenengo pausoa, bestalde, inbertsioa da Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren aburuz.

Katalunia eredu

Etorkinak hizkuntza gutxituetara gerturatzeko ahaleginean politika eraginkorrak bultzatu dituzten lurraldeen bila, Kataluniari begiratzen diote Soziolinguistika Klusterretik. «Beraiek hasi ziren aintzat hartzen eta jakin nahian zein hizkuntza hitz egiten ziren, zeintzuk ziren beraien ezaugarriak; aitortza bat egin zuten. Bestalde, kataluniarren ikuspegitik, erakunde publikoek izugarrizko programak, baliabideak eta plangintzak abiatu zituzten eta egiten dituzte orain ere, udalerriz udalerri. Plangintza horiek etorkinei begira bai, baina kataluniarrei begira ere egiten zituzten. Ezinbestekoa da gure gizarteari begirako politika publikoak egitea», azaldu du Urangak.

Neurri hauei esker eta katalana erdigunean jarrita, gizartea sentsibilizatzea lortu du aniztasun horri harrera egiteko, “haiek eta gu” ideia alboratuz, “gu” zabal baten alde. «Hori litzateke gure helburua –gehitu du–: euskara erdigunean jarrita, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egoki bat egitea».

Interesa eta grinarekin, Ahobizi

Etorkin bakoitzak euskararekin harreman oso diferentea izan dezake. «Ez dugu pentsatu behar migrazioa kaltegarria denik. Kanpotik etortzen garenok, askotan, interesa eta grina jartzen dugu, batzuetan bertakoek baino gehiago. Ikasi dudanean, betidanik topatu dut, ni bezala, kanpotik etorri eta euskara ikasi duen jendea. Nire migrazioa, beste batzuekin konparatuz, oso desberdina da. Batzuk hizkuntza askorekin datoz, eta uste dut asko daukagula ikasteko beraiengandik eta beraien hizkuntzengandik», agertu du Maggie Bullen EHUko antropologia irakasleak.

Ia 30 urte dira Maggie Bullen Britainia Handitik Euskal Herrira etorri zenetik. Liverpoolen bikote euskalduna ezagutu eta haren lurraldera mugitu zen. Filosofia ikasitakoa ere bada Bullen, eta gaztelania eta frantsesa ziren bere «mundua», harik eta euskara deskubritu zuen arte. Deskubritu, ez zuelako ezagutzen. «Ez nekien ezer euskarari, eta honek ere esaten du zerbait Erresuma Bateko hizkuntza sistemari buruz», dio.

Euskarak «beste mundu bat deskubritzeko aukera» eman zion, harreman pertsonalak garatzeko abagunea. Klaseak hartu zituen, «mota guztietako euskaltegietan». Orain, Euskaraldian parte hartzen du, Ahobizi da. EHUko dekanotza taldean arigune bat sortu dute, Afit Antropologia Feminista Taldean beste bat. Lehenago ere euskaraz jarduten zutela esan du, baina Euskaraldiak barne praktika hori ikusarazteko aukera ematen duela nabarmendu.

Alde positiboari begiratu eta mitoak apurtu nahi ditu Bullenek, ez du sinisten «euskara oso zaila» denik. Ez deritzo euskara ikastea meritua denik, beretzako «mundua ulertzeko, jendea ezagutzeko, Euskal Herrian mugitzeko aukera da».

“Kaixo” da gakoa

Burgosekoa da Natalia Perez, baina Madriletik etorri zen Bilbora, orain hiru urte, bikotekide donostiarrarena hurbiltzeko. Euskal Herrira iristean Gabriel Aresti euskaltegian eman zuen izena, «hemengo hizkuntza ezagutzea etorkizunerako ona izan zitekeela» iritzita.

Ezerezetik hasi zen, “kaixo” baten esanahia jakin gabe, eta ez zen erraza izan. «Hasieran, uztekotan egon nintzen, horrela ikastea ezinezkoa iruditzen zitzaidalako», onartu du burgostarrak. Baina ez zituen euskara klaseak utzi. Hasi eta bi urtera, C1 hizkuntza-agiria ateratzea lortu zuen, ez etsitzeagatik, segitzeagatik.

Dena berria zuen euskararen munduan. Egunero bost orduko klaseak jasotzen zituen euskaltegian eta etxean luzatzen zuen ikasketa denbora. «Nire euskaltegiko kideek, hemengoak izanik, gauza asko zekiten nirekin alderatuta, baina nire indarra zen ez zidala lotsarik ematen txarto hitz egiteak eta lehen egunetik hasi nintzen euskaraz hitz egiten; hori zen gakoa niretzat», azaldu du Perezek.

Hala, «edozein aukera» aprobetxatzen du euskara praktikatzeko, «supermerkatuan, botikan», ahal duenero, hitz eginez, ikasiz. Euskaraldian izena eman du, bi urte atzera egin zuen moduan. Lehenengo edizioan B2 hizkuntza maila lortua zuen, euskaraz hitz egiteko gai zen, «akatsekin» mintzatzen bazen ere. Horregatik, ez zuen ulertu orduan bere klasekideek Belarriprest izateko egin zuten hautua, haiek ere gai baitziren euskaraz berba egiteko. Ahobiziziren txapa jantzi zuen Natalia Perezek, eta berdin egin du aurten, Euskaraldiaren bigarren edizio pandemiko honetan.

Gogoeta bat eskaini du bere esperientziak jantzia: «Iritsi nintzenetik entzun dut euskara oso zaila dela, hitz egiten ez duen jendeak hori esan ohi du. Ezagutzen ez dugunez, beldur apur bat ematen digu eta zaila iruditu dakiguke, baina nik badakit gogoz eta denboraz eginez gero euskara jendeak uste baino askoz errazagoa dela. Lehen urratsa ‘kaixo’ esatea da».