GAUR8

BCCk 1.000 menu prestatuko ditu egoera zaurgarrian dauden Gipuzkoako familien artean, Caritasen laguntzarekin

Basque Culinary Centerrek (BCC) iragarri du mila menu prestatuko dituela Gabonetan egoera zaurgarrian dauden Gipuzkoako familien artean banatzeko, Caritasen laguntzarekin. Menuak kutxetan banatuko dira abenduaren 17tik aurrera.

Basque Culinary Centerren ikasleak eta langileak lanean, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Basque Culinary Centerren ikasleak eta langileak lanean, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Familia askok «bizi duten egoera latzari erantzuteko», Basque Culinary Centerrek gizarte-ekimen bat jarri du martxan Caritasekin lankidetzan, Gabonetan baztertze arriskuan dauden Gipuzkoako familien artean mila menu banatzeko.

Ohar batean, Donostian egoitza duen zentroak azaldu du Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduko ikasleen prestakuntza-programaren barnean burutuko dela egitasmoa, eta lehenengo eta bigarren platera eta postrea izango dituen mila menu prestatuko dituztela ikasleek irakasleen laguntzarekin.

Menuak kutxetan entregatuko dira, «delivery formatuan», Caritas Gipuzkoaren ordezkaritzetan. Antolakunde horrek hautatuko ditu hartzaileak eta menuen banaketaz arduratuko da, aurreratutakoaren arabera.

«Gabonetako ukitua» izango duten menuaz zehaztu dute itsaski krema, txahal erregosia eta txokolatezko brownie izango dituela, eta banaketa abenduaren 17tik aurrera hasiko dela. Nabarmendu dutenez, elikagaien kontserbazioa bermatzeko, «guztia pasteurizatuta eta hutsean ontziratua» egongo da, «berotu eta hartzeko prest». Aipatu dute, bestalde, menuan jaki bakoitzaren alergenoen informazioa eta kontsumo lehenetsiaren data zehaztuko dituztela.

Ikasketak eta elkartasuna

BCCk adierazi du «pandemiak sortutako behar sozialei gastronomiaren aldetik erantzutea» eta «premia duen kolektibo batekin» solidarioak izatea direla ekimenaren helburuak, eta nabarmendu du egitasmoari esker ikasleek orain arte ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izateaz gain, «mundu bidezko eta humanoagoa» sortzen laguntzeko aukera ere badela.

Menuen prestaketekin batera, langileek eta ikasleek boluntario gisa hartuko dute parte beste atal batzuetan, ontziratzen, paketatzen edo bidalketa lanetan.

Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak osasun krisiaren aurrean gastronomia sektoreak eman dituen erantzun solidarioak nabarmendu ditu, eta horren data berezietan «BCCk ere bere harri-koxkorra» ekarri nahi izan duela adierazi du, «erakundearen gizarte-konpromisoa eta bertakoen pasioa eta ekintzailetza-espiritua baliatuta».

Jose Ramon Aramendi Caritas Gipuzkoako zuzendariaren esanetan, egitasmoarekin egoera larrian bizi diren pertsonei «elikagai gehiago eskaini» ahal izango da, «urteko garai honetaz gozatzen laguntzeko eta, aldi berean, mundu bidezkoagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzeko».