GAUR8

Ikerbasquek 20 zientzialari gazte kontratatzeko deialdia ireki du

Ikerbasquek “Research Fellow” izeneko programaren 2021ko deialdia abian jarri du. Programa horren bidez, goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatu nahi da

Jon Urbe | FOKU
Jon Urbe | FOKU

Ikerbasquek 2021eko Research Fellow programaren deialdia abian jarri du. Programa horren bidez, Lakuak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatu nahi du. Aurreko deialdietan kasik 80 lagun kontratatu dituzte programa horren bidez eta aurtengoan 20 ikertzaile kontratatzea da asmoa.

Research Fellow programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Deialdi honen bidez bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta Euskal Herritik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da. Oraingoz Ikerbasquek 18 herri ezberdinetako 78 ikertzaile kontratatu ditu, 42 gizon eta 36 emakume, hain zuzen ere.

Ezagutza alor guztiak

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque Fundazioaren web
gunearen bidez (www.ikerbasque.net ) martxoaren 10 arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio-prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urtetarako ikerketa-kontratuak eskaintzen ditu. Azken urtean ikertzaileak ebaluatuak izango dira eta kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute. Aukeratutako zientzialariek Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dute lan, bai zientzia esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), bai medikuntzan, matematika, ingeniaritzan, gizarte zientzietan eta giza zientzietan ere.