GAUR8

Emakumeei buruzko 220 sarrera baino gehiago Txikipedian, ikasleei esker

Euskal Wikilariak elkarteak eta Ikastolen Elkarteak bultzatzen duten «Nik, zuk, guk… 250 baietz?» erronkari erantzunez, arlo ezberdinetan nabarmendutako emakumeei buruzko 220 sarreratik gora ekoizten ari dira 18 ikastolatako ikasleak. Sarrera berrietatik 150 baino gehiago emakume zientzialariei buruzkoak dira.

Erronkaren helburua konpetetentzia digitala lantzea ere bada. Irudian, ikasleak gelan. (Ikastolen Elkartea)
Erronkaren helburua konpetetentzia digitala lantzea ere bada. Irudian, ikasleak gelan. (Ikastolen Elkartea)

«Txikipedian 250 sarrera berri argitaratzea, bereziki emakumezkoenak eta zehazki emakume zientzialariak». Hori da Euskal Wikilariak Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak pasa den otsailean DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta bota zuten erronka, eta 220 sarrera sortu dituzte dagoeneko.

Ekimena martxan jarri zenetik hilabetea betetzen denean, dauden azken datuen arabera 220 sarreratik gora dira jada ikasleek ekoiztu dituztenak. Horietatik 150 baino gehiago emakume zientzialariekin lotuta daude.

Ekimenaren bultzatzaileek gogoratu dutenez, erronka otsailaren 9an jarri zen martxan, otsailaren 11an ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren inguruan, helburu nagusietako bat emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea delako.

Martxoaren 8a ospatzen den astelehen honetan, balantzeak erronka betetzetik hurbil kokatzen diren datuak aurkezten ditu, kontuan hartuta sarrera berriak martxoaren amaiera bitartean argitaratu daitezkeela.

Zehaztutakoaren arabera, parte hartzen duten 18 ikastolatako ikasleek ekoiztutakoaren artean emakume zientzialarien biografiak daude nagusiki, baina artistak, aktoreak, musikariak, legelariak edota kirolariak ere badaude, besteak beste.

Euskararen presentzia

«Emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gain euskarazko edukiak ugaritzea erronkaren beste helburuetako bat» zen. Atal horretan, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta leku eta eraikin esanguratsuekin batera, jaiei eta ikastolei buruzko eduki berriak agertu dira.

Erronkaren atzean dauden euskal wikilariek eta ikastolek garrantzia eman zioten ekimenaren alderdi honi, egun hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitalean duten presentzia txikia kontuan hartuta.

«Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira», azaldu dute.

Nabarmendu dute, bestalde, prozesuan parte hartzen duten ikasleen eta irakasleen «gogoa eta ilusioa. Euren parte-hartze aktibo eta proaktiboari esker, eurak sortzen ari diren sarrera berri horiek guztiok kontsultatu ahal izango ditugu, guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira».