GAUR8

Pello Mari Otañoren gaineko filma egiteko auzolana, ikastetxeetara

Eguzki Art zinema ekoiztetxeak Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta obra pantaila handira eramateko abiatu zuen auzolana eskoletara ere zabaltzen hasi dira. Patxi Bisquert aktore eta proiektuaren bultzatzaile nagusiak gutun bat idatzi die Euskal Herriko lehen eta bigarren mailako ikastola eta sare publikoko eskoletako guraso elkarteei.

Ombuaren Itzala proiekturako auzolanaren aurkezpena Zizurkilen, joan den urrian (Juan Carlos RUIZ IFOKU)
Ombuaren Itzala proiekturako auzolanaren aurkezpena Zizurkilen, joan den urrian (Juan Carlos RUIZ IFOKU)

Eguzki Art ekoiztetxeak Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren gaineko film luze bat egiteko asmoa iragarri zuen iaz, “Ombuaren itzala”, baita Patxi Bisquert aktoreak gidatutako proiektua aurrera ateratzeko auzolana abiatuko zutela. Auzolana abian da dagoeneko, eta orain eskoletara ere zabaldu nahi dute. Patxi Bisquertek Eguzki Art Zinemaren izenean idatzitako gutuna Euskal Herriko lehen eta bigarren mailako ikastola eta sare publikoko eskoletako guraso elkarteei bidaltzen ari dira.

Proiektuaren aurkezpenean, gaur egungo gazteen artean Otañoren obra eta bizitza ezagutarazi nahi dutela esan zuten eta, hartarako, eskoletan ere eskaintzeko asmoa dutela, gutxienez 60.000 ikaslek ikusi ahal izan dezaten. «Hau da guk aukeratu dugun bidea, hori da gauzak herrigintzan egitea, herriak inbertitzen duena, herriari itzultzea», esan zuen Bisquertek.

Idatzian, Bisquertek proiektuaren jatorria azaltzen du, Galizian bizi zela hango poeta Emilio Arauxok zinema ekoizpenera salto egiteko bultzada eman ziola gogoratuz, baita elkarrekin egin zuten lana ere. «Gaur, 2021ean, pandemiak sortu dizkigun ziurgabetasunetan murgilduta, berriro natorkizue, Arauxok buruan sartu zizkidan zomorroak elikatuz eta euskal idazle eta poeta handi den Koldo Izagirreren hitzak bidelagun izanik. Berari zor baitizkiot gidoi bikaina eta lankidetza horren emaitza den Pello Mari Otañori buruzko “Ombuaren itzala” filmaren proiektua», jarraitzen du.

Otaño, Euskal Herriko herri eta txoko guztietara, Aturrritik Ebrora

Zinema ona egiten jarraitu nahi duela dio, «zinema ona eta ezberdina egin nahi dugu, nik bezala pentsatzen duten beste asko baitaude. Gure jendeaz, gure kultura sortzaileez hitz egiten duten filmak egingo ditugu, Pello Mari Otañoren kasuan bezala. Eta berreskuratu, berpiztu, euskal belaunaldi berrientzat, gazteenentzat batez ere. Filma Euskal Herriko herri eta txoko guztietara eraman nahi dugu, (...) Aturritik Ebrora, Mauletik, Erronkaritik, Bianatik, Malato Zuhaitzera, Errioxara, Meatzaldea edo Enkarterrietara».

Halaber, auzolanean parte hartzen dutenetako «bakar batek ere ez dezala probintzietako edo eskualdeetako hiriburuetara gerturatu beharrik, euskal zinemaz gozatu ahal izateko», dio Bisquertek: «Behin izan ziren zinema-aretoak desagertu diren tokietan egongo gara. Zinema ekoizteko modu berriak jorratzen ari gara, etorkizunean horien zabalkundea eta merkaturatzea erraztuko duten beste modu batzuk bilatzen eta ikertzen».

Gogorarazi beharra dago filmaren ekoizppenaren parte bat filma estreinatu baino lehen 30.000 sarrera salduz lortu nahi dutela, 10 euroan. Herrigintzan konfiantza dutela esan zuten joan den urrian. Bisquertek bere idatzian dioenez, «bide berri bat sortzen ari gara, inoiz jarraitu ez den bidea. Aitzindariak izango gara, historia idatziko dugu. Izan ere, ehun urtetik gorako Zinemaren Historian, inoiz ez da finantzatu elkarrekin lan egiten duten hogeita hamar mila ekoizle baino gehiago dituen filma. Gure buruarentzako, guk sortuz, komunitatean ekoiztuz, eta gero mundu osoari eskainiz».

Filmarekin batera, Pamiela argitaletxearen eskutik, «Auzolaneko abentura zoragarri hau biltzen duen liburua ere argitaratuko dugu», dio azkenik Zizurkilgo akotreak.«Bitakora koaderno moduko bat, pasadizoak jasotzeko, filmaketa argazkiak... filma bera lapitza formatuan edo pendrivean eskuratzeko ere izango da aukera. Azkenik, oroitzapen polit bat, non gure kolaboratzaile guztientzat ondo merezitako esker onak ere agertuko diren. Gure opari partikularra izango da, euskal zinema posible egiten duzuenontzat».