GAUR8

«(H)istorioen mapa», Irungo emakume ezagunen eta lanbideen ibilbide interaktiboak

Irungo emakumeen historia ezagutzera emateko asmoz, Parean elkarteak «(H)istorioen mapa» egitasmoa osatu du. Ibilbide interaktiboen bidez, herrian zeresana izan duten emakumeen historiak eta emakumeenak izan diren lanbideen gaineko informazioa eskaintzen dute: inudeak, urketariak, jostunak… Martxoaren 20an, ibilbide historiko kulturala egingo dute.

Irungo Ola burdinola, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Irungo Ola burdinola, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Zer nolakoa zen inudeen lana? Eta urketariena? Ba al zenekien Irunen jostun oso ezagunak izan zirela?». Erantzunak “(H)istorioen mapa” izeneko egitasmoan bildu ditu Parean elkarteak.

Ekimenaren helburu nagusia herrian «zeresana» eman duten emakumeen eta emakumezkoenak ziren lanbideen historia eta istorioak berreskuratzea eta ezagutzera ematea da.

Proiektuaren barruan, Parean elkartearen webgunean «paseo interaktiboak» ikus daitezke. “Irungo emakumeen lanbideen paseoa” deitu diote bati, besteak “Irungo Emakumeak plazara” du izena.

Lehenengoan, zehaztutako puntuetan sakatuta, estraperlista, arropa garbitzaile, mandatugile, inude, maistra edota poxpologile izan ziren emakumeen lanbideen inguruko informazioa dago eskuragarri. «historian zehar emakumeen esku zeuden lanbideak errepasatuz, historiara salto egi eta garai bateko Irun batean ibilbidetxoa egitera» gonbidatzea da asmoa, azaldu dutenez.

Edukiak idatziz eta audio formatuan bildu dituzte, euskaraz eta gazteleraz.

Bigarren ibilbideari dagokionez, herriko emakume ezagun batzuk dira protagonista nagusiak. «Hirian zehar kokatutako zenbait geldiuneren bidez, herriko historian zeresana izan duten Dolores Salis, Mentxu Gal edota Julia Iruretagoiena moduko zenbait emakumeren historia ezagutzeko aukera du bisitariak», esan dute.

Parean elkartetik nabarmendu dute «emakume hauek egin duten ekarpena» jaso nahi izan dutela, «etorkizuneko belaunaldiek ezagutu eta ahantzi ez ditzaten».

Hilaren 20an, Tranche historialariarekin

Proiektua zabaltzeko, martxoaren 20an ibilbide historiko kulturala antolatu du elkarteak Mertxe Tranche historialariarekin.

Ibilbidea goizeko 11.00etan abiatuko da San Juan plazatik. Zehaztu dutenez, pandemia dela-eta, edukiera mugatua izango du hitzorduak eta aurretik izena eman beharko dute parte hartzaileek info@parean.eus helbidean. Hala ere «behar izanez gero, paseo bat baino gehiago» antolatuko dutela argitu dute.