GAUR8

Zazpi eguneko kirol desafio bikoitza Aiaran, ataxia telangiectasiaren ikerkuntza bultzatzeko

Ostiral honetan hasita eta hilaren 28ra arte ataxia telangiectasiaren ikerketa bultzatzeko funtsak biltzea helburu duen kirol desafio bikoitza ospatuko da Aiaran zazpi egunetan, gelditu gabe. Alberto Valles muskiztarrak 3.000 kilometro egiteko erronka jarri du, Abel Fernandez amurriarrak lau maratoi eta hiru maratoi erdi egin behar ditu.

 

Alberto Valles Aiaran, erronkarako prestatzeko entrenamenduetan. (GAUR8)
Alberto Valles Aiaran, erronkarako prestatzeko entrenamenduetan. (GAUR8)

Hurrengo zazpi egunetan zehar Aiarako Ibagueneko zelaian (Zuhatzan, Etxaurren Ikastolaren ondoan) ataxia telangiectasia gaixotasunaren ikerkuntza bultzatzeko funtsak lortu nahi dituen proba bikoitza ospatuko da. Gaixotasunak nerbio-sistemari, immunologia-sistemari eta gorputzeko beste sistema batzuei eragiten die.

Alberto Valles «Il Diabolo» muskiztarrak «txirrindularitza non stop» modalitatean Guinnes errekorra hautsi nahi du. Zazpi egunetan 3.000 kilometro egin nahi ditu.

Txirrindularitza proba ospatzen den bitartean, Abel Fernandez «SpiderAbel» amurriarrak zazpi egunetan lau maratoi eta hiru maratoi erdi osatu behar ditu.

Desafio bien hasiera 17.00etan izango da eta animatzeko ekitaldiez inguratuta egongo dira. Adarraren artisauen parte hartzea eta Aiaraldeko sound system-en musika emanaldia iragarri dute proben hasiera girotzeko.

Desafioak irauten dituen zazpi egunetan zehar aizkolarien erakustaldia, zumba eta yoga saioak, Nordic Walking praktikatzeko irtenaldia, dastaketak edota motorren eta auto klasikoen erakusketak antolatu dituzte, besteak beste.

Era berean, Laudioko edo Amurrioko hainbat kirol taldeek Ibaguenen bertan egingo dituzte zenbait entrenamendu hurrengo egunetan.

Desafioak martxan dauden bitartean txosna egongo da inguruan eta gai librea izango duen marrazki lehiaketa bat ospatuko da. Lanak pistan entregatu behar dira 21etik 27ra.

Ekarpenak egiteko webgunea

Diru ekarpenak www.migranodearena.org/reto/doble-reto-ciclista-y-maratoniano-por-la-ataxia-telangiectasia web helbidean egin daitezke.

Ekimenean, zenbait ikerlanen finantzaketan laguntzen duen Aefat ataxia-telangiectasia gaixotasuna duten pertsonen eta senitartekoen elkarteak hartzen du parte.