GAUR8

Etxeko gela bat margotzea, Lekeitioko ikastolak antolatutako Herri Tonbolako sari bat

Lekeitioko Azkue Ikastolan Herri Tonbola jarri dute martxan helburu bikoitzarekin: zailtasunak dituzten familientzako beka sistema bermatzea eta herriko merkatariza eta zerbitzuak bultzatzea. Horregatik, motako askotako sariak daude baina Lekeition erositakoak dira guztiak, etxeko gela margotzea barne.

Herri Tonbolarako boletoak, irudian. (GAUR8)
Herri Tonbolarako boletoak, irudian. (GAUR8)

Lekeitioko Azkue Ikastolak sari bitxiak dituen «Herri Tonbola» antolatu du. Ikastetxeko barne beka sistema beste urte batez bermatzea ahalbidetuko duen ekimena da, eta horretarako, sari potolo bezain praktikoak dituen zozketa bat jarri du martxan, herrian bertan erositako produktuekin eta herriko profesionalen zerbitzuekin.

“25 bultzada Lekeitiori” lelopean, 25 sari ditu zozketak, eta horien zerrendan ohikoagoak izaten diren bizikleta, telebista edo bazkaria bezalako sarien ondoan, pintxo pote zirkuitoa, hortz garbiketa, hilabeteko ogia, masaje hawaiarra edota logela baten margoketa irabazteko aukera dago, besteak beste.

Orain arte, Azkue Ikastolako komunitateak ekimen ezberdinak burutu ditu beken sistemari diruz laguntzeko. «Ikastolarentzat garrantzitsuak dira beka hauek», bereziki une honetan, zailtasunak dituzten familiei zuzenduta baitaude, azaldu dutenez.

Helburu horrekin, aurreko urteetan ikastolako taberna antolatu dute herriko jaietan, eta duela bi urte bigarren eskuko azoka antolatu zuten. «Bigarren eskuko azoka arrakastatsua izan zen baina aurten antzeko formatuan ezer egitea ezinezkoa dela ikusita Herri Tonbola» antolatzea erabaki dutela azaldu dute.

Herriko negozioen ondoan, «une zail hauetan»

Ekimenak duen berezitasunetako bat da sari guztiak Lekeition bertan erositakoak direla, eta horren atzean beste helburu bat dago, herriko merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu sektore ezberdinak balioan ipintzea eta bultzatzea.

Adierazi dutenez, «herritarrentzat hain zaila izan den urte honetan ere ikastolak bere ekarpena egin gura» izan du. Horregatik aukeratu dute “25 bultzada Lekeitiori” leloa.

Zozketa ekainaren 30ean ospatuko da, eta oraindik ez dago itxita nolako formatua izango duen. Osasun egoeraren arabera antolatuko dute hitzordua, eta aurrerago horren berri emango dutela zehaztu dute.

Azaldu dute, bestalde, hurrengo urtean ekimenak jarraipena izango duela eta herriko beste 25 establezimendutara heltzeko asmoa dagoela.