GAUR8

Mortero eta hormigoi jasangarriagoen bila, industriako azpiproduktuak erabilita

Eraikuntzak behar dituen hormigoi eta mortero jasangarriagoak ekoizteko, industriatik eratorritako azpiproduktuen erabilera aztertzen ari da EHUn egiten ari den ikerketa bat. Roque Borinaga ikertzaileak gidatzen du, eta bi helburu nagusi ditu: baliabide natural eta energetikoen kontsumoa murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea.

Roque Borinaga ikertzailea, Ingeniaritza Eskolako laborategian. (MITXI/EHU)
Roque Borinaga ikertzailea, Ingeniaritza Eskolako laborategian. (MITXI/EHU)

Hormigoiak eta morteroak eraikuntzan gehien erabiltzen diren materialak dira, baina halako materialak sortzeko zementu kantitate handia behar da, eta zementua fabrikatzeko energia eta baliabide natural asko kontsumitzen dira, baita CO2ren isurketa handiak eragin ere. Hori dela eta, material horien fabrikazioak eragiten dituen kalteak murriztera bideratuta daude ikerketa asko gaur egun.

Ikerketa horietako batean murgilduta dabil Roque Borinaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzailea, zementu kantitateak murrizteko, «bai zementua, bai agregakinak (harea edo legarra) material naturalekin ordezkatzen, baliabide natural gutxiago erabiltzeko eta, era berean, material propietate mekaniko eta termikoak optimizatzeko».

EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaileak gidatzen duen azterlana hainbat industria-prozesutako azpiproduktuen erabilera ikertzen ari da. Helburua da, Borinagak azaldu duenez, hondakindegietara ahalik eta industria azpiproduktu gutxien bidaltzea eta ekonomia zirkularraren bidez berrerabiltzea.

Papergintza eta zoru erradiatzaileak

Hiru azpiprodukturekin egin dituzte ikerketak, hiru lan ildori jarraikiz. Ikertu dute hondakin metalikoak hormigoian edo morteroetan errefortzu gisa nola erabil daitezkeen, deskarga elektriko bidezko mekanizazioan sortzen diren letoizko zuntzekin sendotutako morteroak aztertuz.

Zementuaren erabilera murrizteko, papergintzako kare-lohiak erabili dituzte zementuaren ordezko gisa, eta ikusi dute egokia izan daitekeela zoru erradiatzaileetan erabiltzeko.

Bestalde, galdaketa zepak erabili dituzte agregakin gisa. «Arku elektrikoko labeetatik ateratako hareen eroankortasun termikoa txikia da, eta isolatzaile gisa erabiltzeko aproposak dira», esplikatu du Borinagak ikerketaren atal honen inguruan.

Materialak ikertzeko «lehen urratsa» dela jakinarazi du, «oinarrizko ikerketa», baina industriako produktuak eta hondakinak ez direla batere homogeneoak eta jatorriaren arabera asko aldatzen direla. «Hortaz, lehenengo aztertu behar da hondakin partikular batek zer propietate ematen dituen; hori hondakin partikular askorekin aztertu eta, gero, kasu horiek guztiak elkarrekin konparatuz erabaki ahal izango da fabrikaziorako jauzia egin daitekeen», adierazi du.