GAUR8

Beroketa handiak espero zen baino animalia-biomasa gehiagoren galera eragingo du ozeanoetan

Beroketa globala ozeanoetan eragiten ari den biomasaren murrizketa aurreko proiekzioek zioten baino nabarmenagoa izango dela ikusi du ikerketa berri batek. Zazpi herrialdetako 36 ikertzailek eginiko lanean, AZTI ikerketa zentroko zientzialari batek hartu du parte.

Urpekari bat itsas ekosistema aztertzen. (Alez ITURRATE/AZTI)
Urpekari bat itsas ekosistema aztertzen. (Alez ITURRATE/AZTI)

Simulazio berriek, aurrekoak baino askoz aurreratuagoak eta zehatzagoak direnek, berotze handiak eta mantenugaien eta elikagaien eskuragarritasunaren aldaketek munduko ozeanoetan uste zen baino animalia-biomasaren murrizketa handiago bat eragingo duela erakusten dutela ohartarazi dute ikerlariek.

Errealitate hori ondorioztatu du zazpi herrialdetako 36 ikertzailek eginiko azterketa batek, eta “Nature Climate Change” aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batean azaldu dute. Ikerketan, Jose A. Fernandes (Azti) eta Marta Coll (CSIC) big datan eta modelizazio ekosistemikoan adituek hartu dute parte.

Klima krisialdiak itsas ekosistemetan dituen ondorioen proiekzioek agerian uzten dute, nabarmendu dutenez, animalien biomasak behera egingo duela, eta prozesua arrantza lekuetan modu ezberdinean gertatuko dela ikusi dute.

Ziurgabetasun handia oraindik

Ikerketaren egile nagusi Derek Tittensorek (Dalhousieko Unibertsitatea) adierazi duenez, «emaitzek joera kezkagarriak erakusten dituzten arren, eskualde aldaketak hobeto ulertzeko garrantzia ere nabarmentzen dugu; izan ere, aldaketa horietan ziurgabetasun handia dago oraindik, eta, hala ere, egokitzapenean laguntzeko premia dago».

Azti ikerketa zentroak zehaztu du itsasoetako ekosistemek klima aldaketa dela-eta izango duten erantzunaren inguruko ziurgabetasuna murrizteak egokitzeko planifikazio eta arintzeko neurri eraginkorragoei bide emango diela.

Argitaratu berri diren emaitzak Arrantza Ereduak eta Itsas Ekosistemak Interaldatzeko Proiektuaren (Fish-MIP) zati dira. Egitasmoak arrantzaren etorkizunaren inguruan sortzen diren galderak erantzutea du helburu, baita itsasoetako aniztasuna eta itsas ekosistemen inguruko ezaguztan sakontzea ere.

«Itsas ekosistemen hainbat eredu biltzen ditu Fish-MIPek, klima-aldaketak arrantzategietan eta itsas ekosistemetan epe luzera izango dituen ondorioak hobeto ulertu eta aurreikusi ahal izateko, eta arrantza-politikak, klima-aldaketa eta biodibertsitatea oinarritzen lagunduko duen datu-base bat emateko«, azaldu dute ikertzaileek.