GAUR8

Abian da ehun jarduera baino gehiago dakartzan Zientzia Astearen edizio berria

Zientziarekiko poza piztea helburu duen Zientzia Astea indartsu itzultzen da kaleetara asteazken honetan, ehundik gora jarduera antolatuta. Formatu ezberdinetako saioetan, oso gai ezberdinak jorratuko dira zientziaren begirada erakargarri bat eskainiz.

Haur talde bat Elhuyarrek antolatutako azken Zientzia Azokan, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Haur talde bat Elhuyarrek antolatutako azken Zientzia Azokan, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Joan den urteko etenaldiaren ondoren, UPV/EHUk antolatzen duen Zientzia Astea plazara itzuliko da asteazken honetan, jarduera ezberdin ugari proposatuz. Aurreratutakoaren arabera, ehundik gora proposamen bilduko ditu, formatu ezberdinetan: tailerrak, txango didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak, dibulgaziozko ikuskizunak… Doakoak dira guztiak, eta publiko guztientzat pentsatuak. Hori bai, horietako zenbaitetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dela argitu dute.

Jarduerek lau kokapen izango dituzte: Bilbo, Barakaldo, Gasteiz eta Donostia. Osasun egoeraren bilakaera positiboak bultzatuta, hainbat ekitaldik presentzialtasuna berreskuratuko dute 21. edizio honetan. Guztien artean bi nabarmendu dituzte: Zientzia Club eta “Jon Kepa Eureka”. Lehenak «zientzia eta umorea» uztartzen dituzten bakarrizketak bilduko ditu; eta bigarrena ikuskizun zientifikoa dela aurreratu dute.

Online mantenduko diren jardueren artean, ikastetxeei zuzendutakoak daude, 23 hitzaldi labur, Zientzia Zirkularra izeneko ekimena eta bi tailer Lehen Hezkuntzarako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat. Saio horiek EHUko ikerlarien parte hartzea izango dute.

Lau egoitzatan banatuta

Bilbon, Bizkaia Aretoa izango da Zientzia Astearen epizentroa, eta ekitaldiak hilaren 5etik 7ra bitarte izango dira. Tailerren eta hitzaldien gaien artean kutsadura, paleontologia, arkeologia edota historian zehar izandako klima aldaketaren prozesuak eta Ponpeiako freskoen inguruko misterioak daude.

Barakaldoko Clara Campoamor Gizarte Etxean, 3tik 7ra ospatuko dira Zientzia Asteko jarduerak, eta horien artean «forma eta koloreak matematikoki erlazionatzen dituen horma-irudi» bat inauguratuko dutela aurreratu dute.

Donostian, Tabakalera izango da Zientzia Astearen egoitza, 5etik 7ra, eta han izango diren proposamenen artean, energia iraunkortasunari buruzko erakustaldiak, animalien eta pertsonen hezurduren gaineko saioa edota «egun batez detektibe izatea» dira proposamenetako batzuk.

Gasteizko Bibat Museoa izango da zientzia zaletuen bilgune, ostegun honetan hasita eta igandera arte. Bertan, 11 tailer antolatu dituzte, eta gaiei dagokienez oso egitarau anitza da, fisika eta eskuak garbitzea bezalako gaiak aurki daitezkeelako, baita magia eta krisminalistika edota Arabako memoria historikoa.

Egunotan, gainera, martxan dago Argazkigintza Geologikoaren XIII. Lehiaketa eta Erretratu Alfabetiko-matematikoaren Lehiaketa, Emakumeak Ozeanoen Ikerketan Ginkanarekin batera. Egitarau osoa eskuragarri dago Zientzia Astearen webgunean.