GAUR8

Maria Josefa Sansberrori aitortza egin dio Oiartzunek

Joan den larunbatean Maria Josefa Sansberro Etxeberria omentzeko ekitaldi instituzionala izan zen Oiartzunen. Maddi Sansberro nazien kontzentrazio eremuetara deportatu eta hildako oiartzuarra da. Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, bizikidetzari begira «kontsentsuz hasitako bidean», elkarrekin antolatu zuten aitortza ekitaldia, «memoria berreskuratzen eta gertatutakoa aitortzen eraiki nahi dugulako bizikidetza».

Ekitaldiko une hunkigarrietako bat
Ekitaldiko une hunkigarrietako bat

Giza eskubideen urraketen erreparazioa helburu, Oiartzungo Udalak Maria Josefa Sansberro Etxeberria omentzeko ekitaldi instituzionala antolatu zuen. Maddi Sansberro oiartzuarra nazien kontzentrazio eremuetara deportatu eta hil zen. Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk,bizikidetzari begirako kontsentsu bidean antolatu zuten joan den larunbatean izan zen aitortza ekitaldia, «memoria berreskuratzen eta gertatutakoa aitortzen eraiki nahi dugulako bizikidetza».

Ekitaldi hori Udalak legegintzaldi honetan egin dituen beste batzuekin lotua dago. Haien oinarria herritarrek sufritu dituzten giza eskubideen urraketak dira, eta «zauri horien aitortza ezinbestekoa da egia, justizia eta erreparazioa lortzeko».

Sansberroren senideek ekitaldian parte hartu zuten, baita Oiartzungo Kattin Txiki eta Errenteriako La Ilusion talde memorialistetako kideek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendari Ion Gambra ere.



Hego Euskal herriko deportatuen historia ezagutarazteko ekimenak ere izan dira joan den astean, hala nola hitzaldi bat eta erakusketa bat. Ekimen horiek eta Sanzberrori egindako aitortza bera ere La Ilusion elkartearen proposamenetik abiatuta antolatu zituzten; horrenbestez, Jexux Leonet alkateak gogoan izan zuen elkarte hori eta «ekitaldi hau antolatu ahal izateko lagundu duten eragile guztiak», Joxe Mari Mitxelena eta Izarraitz Billaluzeren lana nabarmenduta, Sansberroren bizimodua ikertzen egindako lanarengatik.

«Oso garrantzitsua da ahanzturan ez geratzea Maria Josefarena bezalako istorioak, gure herriaren historia ere badirelako. Gai hauek isilean egon dira, baina beharrezkoa da gertatutakoa gogoratzea eta aitortzea», esan zuen alkateak.

«Emakume indartsu, ausarta eta borrokalaria»

Halaber, Maddi Sansberro oiartzuarrak «bere ekintzekin erakutsi zuen emakume indartsu, ausarta eta borrokalaria zela. Bizitza duin eta gizarte justuago batengatik eman zuen bizitza», adierazi zuen Leonetek. «Aipagarria da lan hauek egiten emakumezko bat aritu izana, askotan erresistentziako kide guztiak gizonezkoak izan zirela pentsatzen baitugu».

Sansberroren senideen izenean, Pello Larrañagak, Maddiren ahizparen bilobak, eskerrak eman zituen, hunkituta, guztien izenean.«Nik ez nuen Maddi ezagutzeko aukerarik izan, baina bai haren aita», esan zuen. Berak jaso zuen EH Bilduko alkateak eta Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak Oiartzungo herriaren izenean emandako oroigarria, Karrikako Iragorriko kanposantuan dagoen Anton Mendizabalen eskulturaren erreplika, hain zuzen.



Maria Josefa Sansberro Etxeberria 1895ean jaio zen Ugaldetxoko Berrondo baserrian. Umetan, Senperera joan zen etxekoekin han bizitzera. II. Mundu Gerran naziak Ipar Euskal Herrira iritsi zirenean, haien kontrako erresistentzian parte hartu zuen; hasieran, juduei muga pasatzen laguntzen, eta ondoren, beste eginkizun batzuetan ere bai.

1944an, Sarako herritar baten salaketaren ondorioz,  atxilotu eta deportatu egin zuten Marie-Jeanne Etxeberria ilobarekin batera. Alemaniako hainbat kontzentrazio eremutan esklabu lanetan aritu ondoren, 1944ko azaroaren 13an hil zen Saschenhauseneko kontzentrazio eremuan. Duela 77 urte, beraz.

Maddi Sansberro hil ondoren, Frantziako estatuak “Mort pour la France” izendapena eman zion. Halaber, Charles de Gaulle jeneralak Domina Gorria eman zion, eta AEBetako Dwight D. Eisenhower presidenteak Askatasunaren Domina.