GAUR8

Lantokietan euskarak duen presentzia ezagutzeko autodiagnostiko tresna

Enpresetan euskarak duen presentzia era erraz batean ezagutzeko tresna garatu dute Laneki Elkarteak eta Gipuzkoako Diputazioak, «LH Duala euskaraz» programaren barruan. Gero eta lanbide heziketa euskaldunago batek lantokietan behar duen segida bultzatu nahi da.

Lanbide heziketako zentro bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lanbide heziketako zentro bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Laneki Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lantokietan euskara maila neurtzeko tresna bat garatu dute. Autodiagnostikoa era erraz batean egiteko pentsatuta dago, 30 galdera laburrez osatutako galdetegi bat erantzunez.

Azaldu dutenez, galdetegia «bost minututan» bete daiteke, eta emaitzen arabera lantegiaren balorazioa egin, «enpresan euskarak duen presentzia ezagutzeko aurreneko gerturatze bat egin ahal izateko».

Tresnak lau aldagai hartzen ditu kontuan: harrera, lantokian dagoen hizkuntza paisaia, lankideak eta instruktoreak. Autodiagnostiko tresna eskuragarri dago Interneten, lotura honetan, eta emaitzetan oinarrituta errazagoa da hobetzeko gomendioak zehaztea.

Tresna “Lanbide Heziketa Duala Euskaraz” egitasmoaren barruan garatu da. Bultzatzaileek gogoratu dutenez, pasa den ikasturtean Gipuzkoan inoiz baino ikasle gehiagok egin zuen lanbide heziketa euskaraz, matrikulatuen %40, zehaztu dutenez.

Goranzko joera mantendu ahal izateko, lantokien esku «baliabide egokiak» jartzearen beharra nabarmendu dute Foru Aldunditik, eta testuinguru horretan kokatu dituzte autodiagnostiko tresnarekin batera, orian arte programaren barruan bultzatu diren «marka», «geomapa» edota «Lanenpres gida».

Lehiakorragoa

Azpimarratu dutenez, edozein enpresarentzat euskararen normalizazioa aberasgarria da, «lehiakorragoa izan eta zerbitzu osoago bat eskaintzea ahalbidetuko baitio». Mezu hori zabaldu nahi izan dute “Euskaraz, balioa erantsi lanari” egitasmoak duen lelo nagusiarekin, «lantokietan euskara txertatzea epe luzerako abantailak suposatuko baitio».

Gipuzkoako Diputazioa, Lakuako Hezkuntza Saileko Lanbide heziketa sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika sailburuordetzak partekatzen duten programaren helburu nagusia «lanbide heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea» eta ezagutaraztea da.

Laneki elkarteak eta kideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek bultzatzen dute ekimena erakundeen ondoan, eta egindasko urratsen artean LP-Duala euskaraz burutzeko hautuari «nortasun propioa» ematen dion «EUS» laburdura duen zigilu itxurako irudi berria zabaldu dute.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, formakuntza euskaraz egiteko matrikulazioen gorakadak «lantegietan segida izatea» da helburua.