GAUR8

«Txori urdinak», espetxearen erretratu gordina, Santi Cobos presoaren ahotik

Santi Cobos presoaren kartzelako bizipenen bidez, espetxearen erretratu bat osatu du Zigor Olabarria «Argia» aldizkariko kazetariak: «Txori urdinak». Larunbatean aurkeztu zuten Cobos baldintzapean zegoela egindako elkarrizketetan eta ondoren bisitetan eta gutun bidez jasotako testigantza eta espetxe sistemaren gaineko hausnarketak biltzen dituen liburua.

«Txori urdinak» liburuaren azala
«Txori urdinak» liburuaren azala

«Txori urdinak» liburua espetxearen erretratu gordina da, espetxe sistema luzaroan eta modu bortitzean jasan duen preso baten testigantzak osatua.Santi Cobosek bizitza erdia eman du kartzelan, 25 urte inguru. Espetxealdi bereziki gogorra izan da, gainera. Bere bizipenak ez ezik, espetxearen ikuspegia ere eskaintzen du Cobosek Zigor Olabarria Oleaga “Argia”ko kazetariak idatzi duen liburuan.

Joan den larunbatean aurkeztu zuten Hala Bedi irratiaren lokalean, eta zuzenean eman zuen irratiak, Santi Cobosek Zaballako espetxetik entzun ahal izan zezan.

Olabarriak Salhaketa elkartean eta euskal preso politikoen aldekoetan jardun izan du urte askoan, eta preso sozialen eta politikoen arteko zubia sustatzeko asmotik sortu zela dio liburua idazteko asmoa.

Hamaika kontu jorratu ditu Cobosen testigantzak jasota: espetxeko biziraupena, ihesaldi saioak, preso sozialen eta politikoen arteko harremanak, espetxetik ateratakoan izaten diren eragozpenak, emozioen kudeaketa, sentimenduak adierazteko eta galtzeko beldurra, gorrotoa helduleku gisa eta aldi berean zulora erortzeko arrisku gisa...

Cobosen esaldi bat aipatu zuen inguru latz horretan bizirauteko baliabideen gainean: «Zure izotzean zaude eta ez duzu nahi inork zure izotza berotzea, bigundu egiten bazara behera etorriko zarelako, ze espetxea ez da bizigarria». Izenburuak ideia hori biltzen du, hain zuzen. Charles Bukovskiren izen bereko poema batetik hartua da; poetak bihotzean daukan txoriaz dihardu, maite duena baina ezkutuan gordetzen duena, ez baitu inork ikusterik nahi.

Gizartearen isla gordina

Olabarriarekin, Cobosen arreba Silvia eta Mitxel Sarasketa euskal preso politiko ohi eta Ataramiñeko kidea izan ziren aurkezpenean, baita hitzaurrea idatzi duten bi euskal preso politiko ohiak ere, Cobosek harreman handia baitu horiekin eta beste euskal preso batzuekin. Baldintzapeko askatasunean zela maiz ibili zen Eusklal Herrian eta kontaketaren parte handiena orduan jaso zuen Olabarriak; liburua amaitzeko, berriz, bisitetan eta gutun bidez jaso du informazioa, orain Cobos kartzelan baitago berriro.

Oso gaztetatik ezagutu du Cobosek espetxe sistemaren larderia, adingabe zela erreformatorioetan eta ondoren hamaika kartzeletan, FIES delako sailkapenaren pean, jipoiak, tortura, bakartzea jasan izan ditu bizitza erdiko kartzela jasan du gizartearen isla den gune bortitz batean. Mitxel Sarasketak esan zuen bezala botere harrremanak erreproduzitu egiten baitira, kartzelan askoz ere modu gordinagoan.

Halaber, elkartasunaren balioa nabarmendu zuen Sarasketak, elkartasuna eskaini eta jasotzeko balio ikaragarria, eta muturreko egoeretan areagotua, askoz zailagoa den arren. Santi Cobos eta beste preso sozial batzuekiko ezagutzatik sortutako elkartasun horren berri eman zuen zenbait pasadizo gogoratuz.