GAUR8

Hamabi herrialdetan euskara eta euskal kulturaren inguruko jarduerak egingo dira Etxepare Institutuaren eskutik

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hamabi herrialdetan ikastaroak, hitzaldiak edota film eta dokumentalen proiekzioak izango dira euskara eta euskal kulturaren berri emateko. Etxepare Euskal Institutuak bultzatzen du ekimena, eta bereziki diasporari eta euskara ikasleei zuzendutako jarduerak dira.

Atzerriko unibertsitateetan dauden irakurleek euskal kultura, ohiturak eta pertsonaiak ezagutarazteko egiten duten lana nabarmendu dute. Irudian, Korrikaren azken edizioa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Atzerriko unibertsitateetan dauden irakurleek euskal kultura, ohiturak eta pertsonaiak ezagutarazteko egiten duten lana nabarmendu dute. Irudian, Korrikaren azken edizioa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Etxepare Euskal Institutuak aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta Euskal Herritik kanpo euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko jarduera sorta izango dela jakinarazi du. Azaldu duenez, euskararen aldeko mezua askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldiren bidez zabalduko da, eta diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute euskararen eta euskal kulturaren berri izateko.

Aurten 12 herrialdetan egingo dira Etxepare Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako jarduerak, eta horietako asko sarean jarraitu ahalko dira.

Horrela, Chicago eta Renon, Txileko Santiagon, Moskun, Brnon eta Pragan, Bolonian, Bartzelonan, La Platan, Mexiko Hirian, Leipzigen eta Poznanen egingo dira hitzaldiak, «mintzodromoa» eta film edota dokumentalen proiekzioak, Etxepare Euskal Institutuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Euskararen sustatzaileak atzerrian

Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan gradu edota graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira irakurleak. Etxepare Euskal Institutuak abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean, eta irakasle horiek guztiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea.

«Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz harago doan lana egiten dute, euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile baitira atzerrian», azaldu du Etxepare Euskal Institutuak.

Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin, Euskararen Nazioarteko Eguna bezala.

Euskararen Nazioarteko eguna 1949. urtean egin zuten lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sustatuta. Ofizialki, hala ere, 1995. urtean hasi ziren Euskararen Nazioarteko Eguneko jai, bilera eta bestelako ekintzak, euskal diasporak mundu osoko lehen biltzarraren karietara egin zuen garaian. Lakuako Gobernuak eta Euskaltzaindiak egoki ikusi zuten abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatzea.