GAUR8

Digestio-aparatuko gaixotasunen osagai genetikoa eta ikerketen emaitzak azaltzeko hitzaldia Bilbon

Digestio aparatuko gaixotasun eta sindromeen garapenean genetikak jokatzen duen papera azalduko duen hitzaldia ospatuko da asteazkenean (hilaren 15ean), Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Koldo Garcia Biodonostiako ikertzaileak eta dibulgatzaileak azken azterketetan jasotako aurrerapenen berri emango du. Aurrez aurre eta streaming bidez jarraitzeko aukera dago.

Hitzaldia «Bidebarrieta zientifikoa» zikloaren barruan dago.
Hitzaldia «Bidebarrieta zientifikoa» zikloaren barruan dago.

Asteazken honetan, hilaren 15ean, hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) edo kolon narritagarriaren sindromea (SCI) bezalako gaixotasunen oinarrian dagoen osagai genetikoa eta arloan egiten ari diren ikerketen emaitzak azaltzeko hitzaldia ospatuko da Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Biodonostia OIIko Genetika Gastrointestinalaren ikerketa taldea gidatzen duen Koldo Garcia biologoak eskainiko du solasaldia, eta bi formatutan jarraitu ahal izango da: aurrez aurre (aretoa bete arte) eta streaming bidez Kulturgunea TB kanalean.

“Bidebarrieta zientifikoa” zikloaren barruan antolatu duten hitzaldiak interes handia dauka gizartean prebalentzia handia duten hainbat gaixotasun eta nahasmenduren jatorri eta mekanismoen inguruan gehiago jakiteko.

«Ingurumeneko faktoreek, mikrobiotak (hesteetako flora) eta inmunitate sistemaren erregulazio ezak eragin zuzena izan dezake zenbait gaixotasun digestiboren agerpenean», eta «hesteetako gaixotasun inflamatoriotzat jotzen diren Crohnen gaixotasunak (CG) eta ultzeradun kolitisak (UK) osagai genetiko hereditario indartsua dute», azaldu dutenez. Horregatik, hitzaldiak «giltzarrizkoa den geneen, mikrobiotaren zein hestearen funtzioaren azterketan» sakonduko du.

Azken aurrerapenen berri

Aurreratu dutenez, gaixotasun eta sindromeen garapenean genetikak duen betekizuna azaltzeaz gain, digestio prozesuen azterketan egindako azken aurrerapenak aurkeztuko ditu EHUn Biologian lizentziatu eta Genetikan doktorea den Koldo Garciak, horrek eragin zuzena baitu diagnostikoan. Zehaztu dutenez, genetika arloaz informazio gehiago izateak diagnostikoa errazten du, «prozesu gastrointestinalarekin zerikusia duten ingurumeneko beste faktore batzuetan sakondu baino lehen».

Hitzaldia 19.00etan hasiko da, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, sarrera librea izango da, beraz ez da aurretik gonbidapenik eskuratu behar.