GAUR8

Lurreko karbono-hustubide nagusietako bat diren lurzoruak zaintzearen garrantzia aztertuko dute NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, jasangarritasunaren ikuspuntutik lurzoruen zaintzak duen garrantzia aztertuko duten jardunaldiak ospatuko dira bihar. Klima aldaketari aurre egin eta lurzoru osasuntsuak izateko jardunbide egokien inguruko analisiak ere partekatuko dituzte.

Laborantzako lurzoruak, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ/FOKU)
Laborantzako lurzoruak, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Lurreko karbono-hustubide nagusietako bat diren lurzoruen zaintza hizpide izango dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), asteazken honetan ospatuko diren jardunaldietan. Aragoiko, Nafarroako eta Euskadiko Nekazaritza Ingeniarien Elkargo Ofizialaren ekimena da, eta protagonista jasangarritasuna kontuan hartzen duten jardunbideen analisia izango da.

Eragile ezberdinak hartuko dituen bilkura horretan, “Life-IP NAdapta-CCK” proiektuaren barruan burutzen ari diren lanen berri emango dute. Agrosistemak klima aldaketara egokitzeko lurzoruaren kudeaketarekin lotutako ekintzak dira bultzatzen ari direnak.

Izan ere, zehaztu dute INTIA sozietate publikoaren bidez, eta NUParekin eta NILSA sozietate publikoarekin lankidetzan, landa saiakuntzak egiten ari direla «ezagutza berriak eskuratzeko, nekazaritza eta ingurumen jasangarritasuna bateragarri egiten laguntzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta, aldi berean, lurzoruak osasuntsu mantentzeko».

Proiektuan lan egiten duen Miguel Angel Gonzalez Moreno teknikariak nabarmendu duenez, lurzorua elikagaiak lortzeko «bitarteko nagusia» da «eta duela gutxi FAOk ohartarazi du higadurak elikagaien ekoizpena %10 murriztuko duela 2050ean». Erantsi duenez, «kontuan izan behar da ehunka urte behar direla lurraren zentimetro bat sortzeko, eta, horrez gain, izaki bizidun ugari dituela, hau da, planetaren biodibertsitatearen zati handi bat».

Lurzoruen gazitzea gelditzea

Jardunaldiak bi multzo tematikotan banatuko dira: batetik, klima aldaketara egokitzeko lurzoruen zaintza jorratuko dute aipatutako egitasmoan zentratuta, mota horretako lehen proiektu europarra baita; eta bigarren blokean, lurzoruen gazitasunak eragiten dituen arazoak jorratuko dituzte, Esperanza Amezketa Lizarraga biologoak eskainiko duen hitzaldiaren bidez. Nafarroan azken urteetan fenomeno horren inguruan eginiko ikerketen emaitzak azalduko ditu ikertzaileak, “Lurzoruaren gazitasuna. Problematika Nafarroan” izenburupean eskainiko duen hitzaldian.

Hitzordua berriki ospatu den Lurzoruaren Munduko egunaren harira antolatu dute, eta gogoratu dutenez, aurten lurraren gazitzea gelditzea izan da lelo nagusia. «Helburua ekosistema osasungarriak eta giza ongizatea mantentzearen garrantziari buruzko kontzientzia sortzea da, lurzoruaren kudeaketan gero eta handiagoak diren erronkei helduz, gazitzearen aurka borrokatuz, lurzoruaren gaineko kontzientziazioa areagotuz eta gobernu, erakunde, komunitate eta herritarrak lurzoruaren osasuna modu proaktiboan hobetzeko konpromisoa hartzera animatuz», azaldu dute.

Jardunaldia 18.00etan hasiko dira, NUPeko Nekazaritza Ingeniaritza eta Biozientzien Goi Eskola Teknikoko ekitaldi aretoan, Iruñean, eta herritar guztientzat irekia da. Telematikoki ere jarraitu ahal izango da. Bi kasuetan, aldez aurretik izena eman beharko da esteka honetan.