GAUR8

Arlo ezberdinetan nabarmendu diren emakumeen argazkiak biltzen ari dira Lezon

Lezon, oroitzapenen kutxan begiratzeko deia egin du hezkidetza mahaiak, etxeko emakumeen ogibideak, zaletasunak eta funtzio ezberdinak erakusten dituzten argazki zaharrak eta ez hain zaharrak bildu eta Udalari uzteko. Memoria historikoa eta aitorpen ariketa egin nahi dute, emakumeek herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzioak erakutsiz.

Lezoko emakumeen ogibideak, zaletasunak... eta rol ezberdinak islatzen dituzten argazkiak bildu nahi ditu hezkidetza mahaiak. (Lezoko hezkidetza mahaia)
Lezoko emakumeen ogibideak, zaletasunak... eta rol ezberdinak islatzen dituzten argazkiak bildu nahi ditu hezkidetza mahaiak. (Lezoko hezkidetza mahaia)

Lezoko hezkidetza mahaia osatzen duten eragileek emakumeen ogibide eta zaletasun ezberdinak erakusten dituzten argazkiak biltzen ari da, eta horretarako herritarren parte hartzea eskatu dute, irudi horiek Udalaren esku utz ditzaten.

Ohar batean azaldu dutenez, herriko hezkidetza mahaiaren ekimena da, Martxoaren 8ra begira antolatzen ari diren erakusketa osatzeko. Mahaiak Berdintasun saila, osasun zentroa, herriko institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak biltzen ditu.

Erakusketa antolatzeko, «beren ogibide, zaletasun, izaera edo bestelako arrazoiak tartean, herrian gari batean ezagun izan ziren edo gaur egun, edozein arlotan nabarmentzen diren andreen erretratuak» bilatzen dituzte. Esplikatu dutenez, «dendari, irakasle, emagin, erizain, baserritar, kirolari, aktore, bertsozale edota kantuzale» ziren edo diren horien irudiak dira bilatzen direnak.

Urtarriletik aurrera

Helburua memoria historikoa lantzea da, baita «aitorpen ariketa bat» egitea ere, «emakumeek historian barrena zein gaur egun herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzio garrantzitsuak» erakutsiz.

Zehaztu dutenez, garai bateko argazkiak eta gaur egungoak izan daitezke. Urtarriletik aurrera aurkeztu behar dira udal bulegoetan, «paperean, eskaneatuta edota webgunean prestatuko den atalean», eta erretratuko lagunaren izen-abizenak, adina eta jaiotze data, bizitokia, ofizioa eta zaletasunak zehaztuta.