GAUR8

Patinete fabrika baten kudeaketa simulatzen duen jokoa, industria eta teknologiarekiko bokazioak sustatzeko

BBK-k eta GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Klusterrak 'bbkI4.0' izeneko bideo jokoa sortu dute 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat. Helburua, txikitatik industria eta teknologiarekiko bokazioak piztea.

BBK-k eta GAIA klusterrak sortu dute doan eskura daitekeen «bbkI4.0» jokoa. (BBK)
BBK-k eta GAIA klusterrak sortu dute doan eskura daitekeen «bbkI4.0» jokoa. (BBK)

BBK-k eta GAIA klusterrak sortu duten jokoa patinete fabrika baten kudeaketan oinarrituta dago. Jokalariak egoki koordinatu behar ditu fabrikaren ekonomia eta ekologia, genero berdintasuna edo hobekuntza teknologikoekin lotutako beste alderdi batzuk, fabrikak dituen lau sailetan: zibersegurtasunean, ingurumenean, ingeniaritzan eta mekanikan.

Jokoan, erabiltzaileak sortzen doazen askotariko erronkei aurre egin beharko die, giza baliabideak kudeatuz, zibersegurtasunean inbertituz edo fabrika modernizatuz. Tarteka, fabrikaren funtzionamenduaren balantzearen berri izango du.

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, joko dinamikoa da eta kontzeptuak modu motibagarrian asimilatzen duten dinamika gamifikatuak erabiltzen ditu. Gamifikazioan aditua den Binary Soul euskal konpainiak garatu du eta doan deskarga daiteke AppStore eta Play Store sareko dendetan.

Jokoaren inguruan, Eider Caraciolo GAIAko Azpiegitura Sektorialen arduradunak gogoratu duenez, «industrian digitalizazio klabean profil profesional berriak» sortzen ari dira. «Ekimenak aro digital berriari lotuta sortzen ari diren profil profesionaletarako bokazio berriak sortzen lagunduko duen uste osoa dugu, eta tokiko industriak aurrean dituen erronkei erantzuteko gure ekarpentxoa egiten ari garelakoan gaude», esan du.

Gamifikazioaren onurak

BBK Fundazioak eta GAIAk irakasleak, ikastetxeetako arduradunak eta gurasoak animatu dituzte jokoa beren gailu mugikorretan deskargatzera, eta azpimarratu dute gamifikazioak onurak dakartzala, besteak beste, arreta eta erreakzio denbora hobetzeak alfabetatze teknologikoa erraztea eta ataza anitzeko pentsamoldea eta talde lana sustatzea.

Jokoa abian jarri dela eta, lehiaketa bat antolatu dute ekimenarekin bat egin nahi duten ikastetxeen artean, eta bi fasetan garatuko da.