GAUR8

«Walking football» edo futbola korrika egin gabe jokatzearen onurak aztertzen ari dira

EHUko Ageing On ikertaldeak walking football, korrika egin gabe joka daitekeen futbolak osasunari nola eragiten dion aztertzen ari da Athletic Club Fundazioaren laguntzarekin. Dirudienez, modalitateak mina hartzeko arriskua gutxitzen du, aukera ona da talde kiroletan aritzeko zailtasunak dituzten lagunentzat, eta onura handiak ditu osasun emozionalaren aldetik.

Futbola oinez pratikatzen duen kirolari bat, esfortzu proba batean. (Egoi MARKAIDA/EHU)
Futbola oinez pratikatzen duen kirolari bat, esfortzu proba batean. (Egoi MARKAIDA/EHU)

‘Walking football’ (futbola oinez) izeneko kirol praktika duela hamar urte sortu zuten Bretainia Handian, kirolik egiten ez zuten edo isolatuta bizi ziren 50 urtetik gorako lagunentzat pentsatuta. Duela hiru urte, Euskal Herrira heldu zen, baina ez omen dago horren gaineko informazio asko. EHUko Ageing On taldea, Athletic Club Fundazioaren laguntzarekin, kirol mota horrek zer onurak dituen eta osasunari nola eragiten dion ikertzen ari da

“Campusa” unibertsitate publikoko aldizkarian, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Ageing On ikertaldeak gidatzen duen proiektu horren berri eman dute. Athletic Club Fundazioan, modalitate horretan astero entrenatzen duten bi talde daude, eta modalitate berean aritzen dira Getxoko Walking Lions Football Club taldea, Sociedad Deportiva Plentzia taldea eta Sopelako beste talde bat, esan dutenez.

Kirol berriak futbola beste era batera jokatzeko aukera ematen duela nabarmendu dute, mina hartzeko arriskua gutxituz eta ariketa sozializatzeko espazioen aukerak eta talde bateko kidea izatearen sentimendua bultzatuz.

Izan ere, Athletic Club Fundazioak nabarmendu du talde kiroletan aritzeko zailtasunak izaten dituzten adin tarte batzuetarako sortzen dituen aukerak, sarritan agertzen diren «depresio, bakardade edo autoestimu faltaren sintomak» ere kontuan hartuta.  

«Modalitate berria denez, informazio gutxi dago osasunerako dauzkan onurez»; gainera, egindako azterlan gehienak Europako iparraldean egin dira, eta ez dago argitalpenik gure inguruan egindako esperientziez», azaldu du Susana Gilekin batera azterlana gidatzen duen Iraia Bidaurrazagak.

Azterlana modalitatea praktikatzen duten hainbat jokalarirekin egiten ari dira. Zehaztu dutenez, «askotariko xehetasunak biltzen ari dira: datu soziodemografiko eta klinikoak; neurketa antropometrikoak; oreka eta indar probak; elektrokardiogramak; biomarkatzaileak kontrolatzeko odol analisiak; eta galdetegiak eta eskalak, jarduera fisikoa eta eserita emandako denbora, dieta eta bizi kalitatea ebaluatzeko».

Horrez gain, entrenamenduak ere aztertzen ari dira, eta parte hartzaileei pultsometroak jarriko dizkiete entrenamendu batzuetan eta esfortzua neurtzeko eskala batzuk pasatuko zaizkie.

Artikuluan azpimarratzen dutenez, hasierako emaitzetako batzuek hobekuntzak erakusten dituzte kolesterolari eta glukosari dagokienez  «walking football entrenatzen hasi eta hiru hilabetera». Eransten dutenez, intentsitate handiko jardueretan denbora gehiago ematen dutela eta «bizitasun handiagoa» dutela.