NAIZ

Berdintasunaren arloko hiru ikerketa beka eskatzeko epea ireki du Emakundek

Emakundek berdintasunaren inguruko hiru ikerketa beka eskaintzeko deialdia zabaldu du otsailaren 15era arte. Beketako bi genero harremanen inguruko formazioa eta balio aldaketarekin lotuta daude; hirugarrena diskriminazio anizkoitzeko arrisku egoeran dauden emakumeen beharrizanekin.

Erabakiak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, partaidetza eta eragina aztertzea ikerlan berrientzat finkatutako ardatz bat da. (Jon URBE/FOKU)
Erabakiak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, partaidetza eta eragina aztertzea ikerlan berrientzat finkatutako ardatz bat da. (Jon URBE/FOKU)

Emakundek otsailaren 15era arte ireki du emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ikerlanak egiteko hiru bekatarako eskabideak aurkezteko epea.

2022rako deialdi berriak hiru beka mota jasotzen ditu, eta horietako bakoitza ikerketa lan bati dagokio. Biren kasuan, biltzen diren lanen helburua, alde batetik, etorkizuneko bekadunen prestakuntza genero harremanen testuinguruan sortzen ari diren ikerketa esparru eta gaietara bideratzea eta bultzatzea da. Era berean, gizartean balioak aldatzen laguntzea ikerketa beken beste atal bat da.

Hirugarren bekak, deialdiaren oinarriek jasotzen dutenaren arabera, «diskriminazio anizkoitzeko arriskuan edo egoeran dauden emakumeen kolektiboen beharrizanei erantzuteko eta azterketan aurrera egiteko beharrari» erantzutea du xede.

Beka-mota bakoitzaren edukiari dagokionez, lehenengo motakoa gizartearen eremu guztietan balioak aldatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak, proposamenak eta faktoreak bilatzeari buruzkoa izango da.

Bigarren motakoak askotariko diskriminazioa jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboetako egoerak eta desberdintasunak aztertuko ditu, batez ere gizarte eta ekonomia baliabideetarako sarbidea eta segurtasunari dagokienez.

Erabakitzeko espazioen azterketa

Hirugarren motakoaren helburua emakumeek erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan duten sarbidea, partaidetza eta eragina aztertzea izango da, eta horrekin batera, emakumeen lidergo eta ahalduntze politiko, ekonomiko eta soziala bultzatuko duen sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen lagunduko duten ekimenak eta estrategiak bilatzea.

Emakunderen ikerketa beken deialdi berria, abenduaren 17an itxi zen ikerlanen lehiaketaren ostean dator. Urteko azken deialdi horretan, balioen aldaketa edota zientzian, teknologian edotaberrikuntzan emakumeek duten kokapena aldatzeko estrategiak aztertzea bilatzen ziren azterlanen ardatzetako batzuk ziren.