GAUR8

STEAM Sarien bigarren edizioan proiektuak aurkezteko epea zabalik dago urtarrilaren 31era arte

STEAM Euskadi Sarien bigarren edizioan proiektuak aurkezteko epea urtarrilaren 31era arte gongo da zabalik. Parte hartzea zabalik dago zientzia, teknologia, ingeniaritza, matematika eta arteen inguruko gaitasunak eta bokazioak bultzatzen dituen STEAM estrategia garatzen dituzten ikastetxe, hezkuntza ez formaleko erakunde, ikerketa zentro eta enpresentzat.

Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztu nahi dituzte sariek
Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztu nahi dituzte sariek (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi Sarien bigarren edizioan proiektuak aurkezteko epea ireki du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez formaleko erakundeek, ikerketa zentroek, enpresek edo EAEn STEAM hezkuntzako ekimenak garatzen ari den beste edozein erakundek ere parte har dezakete. Proiektuak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 31n bukatuko da.

Exekutiboak bultzatzen duen STEAM estrategiaren baitan kokatuta, bokazio goiztiarrak bultzatzen dituen hezkuntza eredu hori sustatzeko jardunbide onenak aitortzea eta ikusaraztea da helburua, hau da, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztea, betiere arteekin eta humanitateekin lotuta, Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Sarien aurtengo edizioak bi kategoria, lau sari eta bi aipamen berezi izango ditu, eta orotara 12.000 euro banatuko ditu. 'Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenik berritzaileena' eta 'Beste erakunde batzuek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenik berritzaileena' dira bi kategoriak, eta lehen sari (3.000 euro), bigarren sari (2.000 euro) eta genero ikuspegiari aipamen berezi bana (1.000 euro) emango dituzte.

Irabazleek euren STEAM proiektura bideratu beharko dute saria, hau da, saritutako ekimenean edota horren irismenean hobekuntzak finantzatzeko, edo STEAM ekimen berri bat abiarazteko.