Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Marta Olazabal

«Klima aldaketarako ez ezik, aldaketa sozial eta ekonomikorako prestatu behar dugu»

Marta Olazabal
Marta Olazabal (Aritz Loiola | Foku)

Parisko Akordioan mahai gainean jarri zen eta Glasgowko Klimaren Goi Bileran berretsi: hiri handiek klima aldaketaren aurrean egokitzeko neurriak bultzatu behar dituzte. Horri buruzko ikerketa eta jardunak ez du ibilbide luzea halere, eta Marta Olazabal (Bilbo, 1981) BC3ko ikertzaileak hori konpontzeko lan egingo du datozen bost urteetan Starting Grant beka baliatuta. “IMAGINE Climate Change Adaptation in Urban Areas” lanagatik saritu dute.

Hain gutxi ikertu denez honen inguruan, oraingoz ez dago modurik neurtzeko klima aldaketarako hiri handien egokitzapena. «Oraindik ez dakigu nola egiten den», dio Olazabalek.

Alta, ikertzaile bilbotarrak denbora darama gai honen bueltan lanean. Ikerketa bi egin ditu Maria Ruiz de Gopegirekin batera; lehenengoan kostaldeko 136 hiri handi ikertu zituzten, haien egokitzapen planak, baldin bazituzten, zeintzuk ziren ikusteko. Lagin horretatik soilik 59 hirik zuten klima aldaketarako egokitzapen plana, eta horiek zehatzago aztertu zituzten bigarren ikerketan.  

Lan horietatik aletutako ondorioak ez ziren positiboak izan: egiaztatu zuten «motibazioa» falta dela aldaketa klimatikorako egokitzapena «lehenesteko», edo egokitzapen planak osatzeko «ezagutza zientifikoa» falta delako edo, sarri, plan horiek ez datozelako lagunduta aurrekontu proiektu batekin.

Modu berean, atzeman zuten egokitzapena herrialde aberatsetan gailentzen dela. Herrialde pobreenetako hiriek ez dute nahikoa baliabide plan horiek diseinatu eta martxan jartzeko.

Gobernantza eredua

Klima aldaketaren ondorioei aurrea hartzeko, Marta Olazabalen iritziz, beharrezkoa da egungo gobernantza ereduak aldatzea. «Gaur egun, sektore publiko guztiek txertatu behar dituzte klima irizpideak dagoeneko gugan eragina izaten ari diren klima larrialdiaren arriskuen aurrean prest egoteko. Dauzkagun gobernantza ereduek zuloak sortzeko joera dute, sailen artean ez dira komunikatzen eta ez da ezagutza transferitzen; horrela oso zaila da politika eraginkorrak egitea», agertu du BC3ko ikertzaileak.

Badira, ordea, klima aldaketarako egokitzapenaren arloan eredu izan daitezkeen hiriak, kasurako, New York, Kopenhage, Durban edo Rotterdam.

Eta, gertuago, Marta Olazabalek iritzi dio Donostian eta Gasteizen politika eraginkorrak bultzatzen ari direla. Zera gertatzen da, bere esanetan, egokitzapenerako politikak martxan dituztenak «megahiriak» direla gehienetan eta «zaila» dela hiri hauek egindakoa herrietan edo hiri txikiagoetan aplikatzea.

Eragin zuzena Euskal Herrian

Baina zeintzuk izango lirateke, egokitzapen planak egoki bultzatzen ez badira, klima aldaketak Euskal Herrian eragin ditzakeen ondorioak? Olazabalek ohartarazi duenez, «zaurgarria» da Euskal Herria, klima aldaketak eragin «zuzena» izan dezakeelako bertan, bereziki kostaldean. «Bero boladen eta hotz boladen eragina eta, batez ere, itsasoaren mailaren igoerak eta uholdeek itsasertzean izan dezaketen eragina arazo handiak izango lirateke», esplikatu du.

Hala ere, klima larrialdiak sor ditzakeen zeharkako arazoez ere mintzatu da ikertzaile bilbotarra: «Klima eraginak Espainiako hegoaldeko lehorteetan erasaten badu, zenbait elikagaitan eragina izango du, adibidez. Eta, haratago begiratzen badugu, migrazio klimatikoa da ni asko kezkatzen nauen gai bat, gero eta gehiago egongo delako».

Horregatik, iragarri duenez, «klima aldaketarako ez ezik, honek eragindako aldaketa sozial eta ekonomikoetarako ere prestatu behar dugu».

Hori guztia «modu integratuan» landu behar dela defendatu du Olazabalek. «Horregatik hitz egiten da trantsizio ekologikoez, gai hauek modu integratuan lantzen badira eraginkorragoak izango direlako», dio.