GAUR8

EHUko bi ikasle nazioarteko txapelketa batean aitortuak, erregai berde bat sortzeko egitasmoagatik

Maider Bolaños eta Onintze Parra EHUko ikasleek diesela ordezkatzeko erregai berdeak sortzeko garatu duten proiektua aitortua izan da Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan.

Onintze Parra eta Maider Bolaños, lehen planoan, Eva Epelde eta Asier Aranzabal irakasleekin.
Onintze Parra eta Maider Bolaños, lehen planoan, Eva Epelde eta Asier Aranzabal irakasleekin. (Jorge NAVARRO | EHU)

Maider Bolaños eta Onintze Parra Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Kimikoa Masterreko ikasleek bigarren postua lortu dute Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketaren 'Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena' atalean, dieselaren ordezko dimetil eterra (DME) lortzeagatik. Lehiaketa horretan nazioarteko 53 unibertsitateko 487 ikaslek parte hartu dute.

Lehiaketak hiru ataza zituen: prozesua egoera egonkorrean simulatzea eta destilazio zutabea optimizatzea; erreaktore, bero trukagailu eta destilazio zutabe komertzial batzuen artean konbinazio posibleak eta ekonomikoki merkeenak aukeratzea eta simulatzea, eta kontrol sistema bat egoera ez-egonkorrean barneratzea prozesuan.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko bi ikasleek 'Simulazio Onena Egoera Egonkorrean' lehen atazan lortu dituzte emaitzarik onenak.

Azaldu dutenez, Ingeniaritza Kimikoko graduan erabilia zuten PRO/II izeneko prozesu simulagailu bat. «Prozesuen ingeniaritza arloa» biei interesatzen zitzaienez, lehiaketan izena ematea erabaki zuten. «Indibidualki edo taldeka egin ahal zen. Gure kasuan, Ingeniaritza Kimikoko Masterra egiten geunden, beraz, bikote bezala izen ematea erabaki genuen, lan karga apur bat banatzeko», adierazi du Onintze Parrak.

Hasiera zaila, baina aitortutako planteamendua

Ikasleek onartu dute hasiera zaila izan zutela, Avevak lehiaketarako eskaintzen zuen simulazio programa berria ez zutelako ezagutzen. Hala, dezente denbora behar izan zuten funtzionamendua ulertzeko. Baina, behin simulagailu berria apur bat ezagututa, hiru atazak bidaltzea lortu zuten.

«Gehien gustatu zitzaigun eginkizuna lehenengoa izan zen, eta horretan, hain zuzen, gelditu ginen bigarren postuan. Gainera, epaileetako bati asko gustatu zitzaion gure planteamendua, esan digutenez», kontatu du Maider Bolañosek.

«Asko poztu gintuen aitortzak, hilabeteetako lana izan baitzen, ordu asko eman genituen simulazioak egiten eta masterrerako ikasten, eta beti da eskertzekoa zure lana kontuan izatea. Era berean, lehiaketarekin prozesuen ingeniaritzako arloan asko ikasi dugu, eta graduan hainbeste sakondu ez genituen aspektu asko landu ditugu lehiaketan zehar», esan du Parrak.

Ikasleek eskerrak eman dizkiete Asier Aranzabal, Eva Epelde eta Jose Maria Arandes irakasleei, emandako oinarri teorikoa eta erakutsitako interesagatik.

EHUk zehaztu duenez, Aveva nazioarteko enpresa bat da, eta software industriala garatzen du, bereziki ingeniari kimikoentzako prozesu kimikoak simulatzeko eta diseinatzeko softwarea. Lehiaketa hastean prozesu bat proposatu zuen Aveva enpresak: metanolaren deshidratazioa DMEa lortzeko; erregai garbi bat, hain zuzen, diesela ordezkatzeko gai izan daitekeena.