GAUR8

Sinadura bilketa, Osakidetzari logopeden deialdian hizkuntza-eskakizunak ezar ditzala eskatzeko

«Logopeda euskaldunak behar ditugu» leloarekin, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) sinadura bilketa jarri du abian. Logopeda lanpostuetarako Osakidetzak egindako azken deialdia da arrazoia, aurkako helegiteak jarri dituzte horren kontra, euskara ez delako betekizun gisa hartzen.

Osakidetzan euskararen erabilera mormalizatzea eskatzeko langileen mobilizazioa, artxiboko irudian.
Osakidetzan euskararen erabilera mormalizatzea eskatzeko langileen mobilizazioa, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasungo Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) sinadura bilketa jarri du abian bere web orrian, Osakidetzari logopedia lanpostuetarako eginiko deialdian hizkuntza-eskakizunak ezar ditzala eskatzeko.

Ekimena testuinguruan jartzeko, gogoratu dute OEEk helegitea aurkeztu duela azken deialdi horren aurka, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak egin bezala, «logopedia lanpostu horiek profesionaltasunez betetzeko eta arreta pazienteek behar duten mailarekin emateko hizkuntza biak ondo ezagutzea ezinbestekoa dela» iritzita.

Osasun arloan euskararen erabilera sustatzea eta indartzea helburu duen erakundeak «kezkaz» ikusten du Lakuako Osasun Sailak hainbat lanpostu esleitzeko hizkuntza-eskakizunik jarri ez izana.

Oraingo honetan logopedak kontratatzeko prozesua da salatutakoa, euskararen beharrezko ezagutza ez bermatzeagatik. «Harrigarria» da «hizkuntzarekin erabat lotuta dauden lanpostu horietan aintzat ez hartzea», azpimarratu du OEEk.

Lan egiteko beharrezko materialak gaztelaniaz

Ildo horretatik gogora ekarri du 2018an Arantzazun izan zen Osasun Biltzarrean baieztatu zela «adibidez afasia detektatzeko behar diren test egokiak eta antzeko materialak oraindik orain gauzatze fasean eta modu boluntarioan» daudela.

«Logopedek lan egiteko behar dituzten oinarrizko materialak ez daude eskura», erantsi du. «Horrek adierazten digu administrazio guztiekin euskaraz ahoz eta idatziz zerbitzuak jasotzeko eskubidea aitortu zigun Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea orain dela 40 urte onartu zenetik hona eta Osakidetza orain dela 38 urte sortu zenetik hona ez dugula urratsik eman arlo honetan», nabarmendu du.