GAUR8

Itsas irristaketa kirolen inguruko egitasmo berritzaile eta jasangarrien bila Uribe Kostan

«Itsasoa eta Irristaketa Innovation Comp» lehiaketa jarri dute abian Uribe Kostan. Unibertsitateetako ikasleei zuzenduta, ekimenak surfaren, belaren, nautikaren, skatearen eta beste kirol batzuen industrien osagarriak, ekoizpen-prozesuak, produktuak edo zerbitzuak hobetzeko ideia berritzaileak bilatzen ditu.

Surf edota nautika bezalako kirolen inguruko proiektu berritzaileak bilatzen ditu lehiaketak.
Surf edota nautika bezalako kirolen inguruko proiektu berritzaileak bilatzen ditu lehiaketak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Deustu, Mondragon eta EHU unibertsitateen laguntzarekin, Orekan Sakonduz/BEAZ Bizkaiko Itsasoa eta Irristaketaren lantaldeak ideien lehiaketa jarri dute abian, surfa, bela edota nautika bezalako kirol batzuen industrien «osagarriak, ekoizpen-prozesuak, produktuak edo zerbitzuak hobetzeko ideiak» sortzeko. Getxo eta Sopelako Udalen babesa du ekimenak.

«Lehiaketak itsasoa eta irristaketa industriaren merkaturatzea eta garapena sustatzea eta kalitate handiko eta jasangarriak diren produktu eta prozesuak proiektatzea du helburu», azaldu dute bultzatzaileek.

Zehaztu dutenez, «unibertsitateko berrikuntza irekiko prozesuak enpresara gerturatzea» da asmoa, helburu bikoitzarekin: «unibertsitateetako ikasleentzat profesionalki landu daitekeen sektore bat dela agerian» jartzea, eta berrikuntza hori etorkizuneko enpresa ekimenetan edo produktu berritzaileetan eraldatzea».

Horregatik, ekimenean adar ezberdinetako EHU, Mondragon eta Deustuko unibertsitateetako 3. eta 4. mailako eta masterretako ikasleen parte hartzea bilatzen dute.

Aurreratutakoaren arabera, ideia berritzailea izatea, proiektuaren aurkezpena eta irudia eta itasoan eta irristaketa sektorearen garapenari ekarpoena egiten dioten proiektuak hartuko dira kontuan.

Erabiltzaileen erosotasun handiagoa eskaintzea, proiektua praktikoa izatea, modu argian azaltzea edota aztarna ekologikoa kontuan hartua izatea baloratuko diren beste alderdietako batzuk dira.

Otsailaren 28ra arte

Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik. Informazio guztia Bizkaiko Itsasoa eta Irristaketa ideien Lehiaketarako Drive-ko dokumentuan eskura daiteke.

Lehiaketak 3.000 euroko saria banatuko du hiru proiektu onenen artean, eta talde irabazleak tutoretza-aholkularitza jasoko du proiektua garatzeko, sektoreko enpresen laguntzarekin.