GAUR8

Ilustrazioak ekarri zituen pasealeku eta zumardiei dedikatutako erakusketa Bilbon

«Ilustrazioaren pasealeku eta zumardiak Euskal Herrian» berpizte urbanoaren baitan hiri-paisaia edertzeko eraiki ziren lehen espazio berde horiei dedikatutako erakusketa da. «Bi hiri proiektu garrantzitsuenen facsimile eta eskala handiko maketak» daude ikusgai dauden elementuen artean, Bizkaia Aretoan.

Erakusketak EHUko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko irakasle eta ikasleen hainbat lan biltzen ditu.
Erakusketak EHUko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko irakasle eta ikasleen hainbat lan biltzen ditu. (EHU)

XVIII. mendearen bigarren erdiaren eta XIX.aren lehen erdiaren artean ilustrazioaren babesean bizi izandako berpizte urbanoaren testuinguruan, «gure hirietako lehen espazio berdeen eraikuntza inoiz egon den euskal arkitekturaren momentu oparo eta unitarioena» jazo zen.

Horrela deskribatu dute EHUko adituek ilustrazioan bizi izan zen hirigintzako loraldia eta horren isla diren hainbat zumardi eta pasealeku. Izan ere, Bilbon Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitektura Goi Eskola Teknikoak antolatutako erakusketaren protagonista dira orain.

“Ilustrazioaren pasealeku eta zumardiak Euskal Herrian” izenburua du erakusketak, eta martxoaren 4ra arte zabalik egongo da Bizkaia Aretoan, Abandoibarran.

Andres Caballero Lobera eta Aritz Diez Oronoz dira erakusketaren koordinatzaileak. Azaldu dutenez, «arkitekturaren ideia berdin baten baitan gure hiriburu eta hiribilduak hamarkada gutxietan zehar gaur egun oraindik ere haien hiri-paisaia bateratu eta edertzen dituzten proiektu urbano eta arkitektura neoklasikoen bidez edertzen ziren».

Prozesu horretan, lurralde guztietan, hiri handienetan, hiribildu txikiagoetan zein herrietan, «delikatu eta sotilagoa» izan zen beste eraldaketa bat nabarmendu dute, eraiki ziren pasealeku, zumardi eta zuhaiztiak.

Gogoratu dutenez, «garai hartan sortu ziren ohitura sozial berrien agertoki» izateko eraiki ziren, eta «hirien eta haien inguruko lurraldearen arteko trantsizioa zehaztu zuten lehen aldiz».

«Espazio hauek guztiak ideia ilustratuek kontzientzia urbanoan sustatu zuten eraldaketa sakonaren testigantza nabarienetakoa izan ziren eta, aldi berean, gure hirien zabalguneen abiapuntutzat erabili ziren hamarkada gutxi batzuk ondoren, erdigune historikoei gaur egun duten forma emanez», zehaztu dute urbanistikoki zuten garrantzia azpimarratuz.

Planoak, marrazkiak eta infografiak

Arkitekturaren Oinarrietako Graduko irakasle eta ikasleek egindako plano, marrazki eta infografien ondoan, «inoiz pentsatu diren bi hiri proiektu garrantzitsuenen faksimile eta eskala handiko» maketak daude: «Santos Angel de Ochandategui arkitektoak diseinatutako Zangoza Berria eta Abandon Silvestre Perezek proiektatutako Bakearen hiriko maketekin».

Erakusketak Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren artean sinatutako hitzarmenaren babesean egin den hiru urteetako ikerketaren emaitzak aurkezten ditu.