GAUR8

EHUko ikerketa batek irakasleen ahots-arazoen eta antsietate-mailaren arteko loturak ikusi ditu

Irakasleen artean ohikoak izaten diren ahots-arazoen atzean antsietate-maila altuago bat egon daitekeela baieztatu du EHUko ikerketa batek. 76 irakaslerekin egindako azterketan, aurrekari pertsonalek jokatzen duten papera ere ikertu dute.

Ikasleak EHUko gela batean, unibertsitatera sartzeko proben artxiboko irudian.
Ikasleak EHUko gela batean, unibertsitatera sartzeko proben artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ahotsa gehiegi behartzearen ondorioz, irakasleen artean ohikoak izaten dira ahots-nahasmenduak. EHUko ikerketa batek arazo horiek antsietate-mailarekin lotuta egon daitezkeela baieztatu du. Medikuntza eta Kirurgia Doktoregoa programako ikerlan baten emaitzen arabera, azterketan parte hartu zuten pazienteen %73,6k antsietate-maila altua erakusten zuen arazoa sortu zitzaien unean.

Ahots-kordetako noduluak zituzten 76 irakasleren kasuak aztertu ditu Ana Apellaniz EHU doktoreak gidatutako ikerlanak, azterketaren fokuetako bat alderdi emozionaletan jarrita. Alde batetik, egoera emozionalak arazoaren etiologian zer eragin duten aztertu dute, eta horrez gain, alderdi emozionalak pazienteak bere ahotsaz duen pertzepzioa nola eragiten duen ikertu dute. Azken honekin lotuta, ahots-errehabilitazioak pazientearen gogo-aldartea hobetzeko duen garrantzia baieztatu dute, «terapiak aurrera egin ahala segurtasun handiagoa hartuz baitoaz ahotsaren funtzionamenduan bai eguneroko bizitzarekin bai bizitza profesionalarekin lotuta».

Arazoaren sorreran izan daitezkeen faktore epidemiologiko posibleak aztertzeaz gain, ikerketan parte hartu duten lagunen historia klinikoa osatua egin da; «azterketa fisikoa eta instrumentala egin zaie». Horrez gain, galdetegi orokor bat erantzun behar izan dute eta bi test: ahots-ezintasuneko bat eta beste bat arazo emozionalak izateak ahots-arazoak izatearekin loturarik duen ikusteko.

Arazo moderatua edo larria izateko probabilitatea azaltzeko, emaitzek erakusten dute «estatistikoki esanguratsuak direla aurrekari mediko pertsonalak eta ahots-ezintasuneko testeko eremu emozionalean hautemandako antsietate-maila handiagoa».

Apellanizek azaldu duenez, «ahots-arazoa sortu zen unean estres edo antsietate egoera jakinak identifikatu zituen ikerketan parte hartu zuten %64,47k; bestalde, pazienteen %73,6k ahots-arazoa sortu zen unean antsietate-maila altua zuela adierazten duten emaitzak eman zituen».

Errehabilitazio foniatrikoaren garrantzia

Ikerketak erakutsi du, era berean, errehabilitazio foniatrikoak ahotsaren funtzionaltasuna hobetzen duela. Zehaztu dutenez, aztertutako kasuen %84,20k maila moderatu, handi edo larriko ahots-ezintasuna pairatzen zuten errehabilitazioaren aurretik, eta ezintasuna %24,99ra txikitu zen, ondoren.

Ahots terapiaren ondoren, gainera, estatistikoki ez zen ezintasun larririk aurkitu. «Ez da erlazio lineal argirik ikusi. Hori bat dator kontsultan ikusitako klinikarekin: ahots-ezintasunaren maila handiago eta txikiagoak ez du zehazten guztira zenbat saio egin behar diren, paziente bakoitzak desberdin erantzuten baitu eta paziente bakoitzaren baldintzak desberdinak baitira», argitu du EHUko ikerlariak.

Apellanizek beste datu bat eman du: «lagina aztertu ondoren, iradoki daiteke irakasle gazteagoek ahots-ezintasun fisiko eta funtzional altuagoak dituztela irakasle beteranoen azpitaldeak baino».