GAUR8

Mitokondria bidezko terapia-teknikek eragin kaltegarriak izan ditzakete, ikerketa baten arabera

Bi jatorritako DNA mitokondriala (mtDNA) nahasteak izan ditzakeen eragin negatiboez ohartarazi du ikerlan batek. Ondorengoei mutazio patologikorik ez transmititzeko batzuetan erabiltzen diren tratamenduak daude teknika horien artean, eta «hiru guraso genetikoren umeak» izenarekin ezagutzen dira. 

Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionaleko (CNIC) ikerketa-talde baten eta CIC biomaGUNEko ikertzaile-taldearen arteko lankidetzaren emaitza da ikerlana.
Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionaleko (CNIC) ikerketa-talde baten eta CIC biomaGUNEko ikertzaile-taldearen arteko lankidetzaren emaitza da ikerlana. (CNIC-CIC biomaGUNE)

Berriki argitaratu duten ikerlan batek mitokondria-transferentzia erabiltzen duten teknika terapeutikoen arriskuez ohartarazi du. Ondorengoei amarengandik bakarrik transmititzen zaien material genetikoa da jatorriko DNA mitokondriala (mtDNA). Azterketak ondorioztatu du jatorriko DNA mitokondriala nahasteak eragin kaltegarriak izan ditzakeela epe luze eta ertainean.

Ugalkortasuna hobetzeko zenbait praktika daude teknika horien artean. Obulu emaile bateko mitokondriak ugalkortasun-arazoak dituen emakume baten obuluan injektatzea da horietako bat, edota mitokondriak ordeztea, ondorengoei mutazio patologikoak ez transmititzeko. «Hiru guraso genetikoren umeak» izenarekin ezagutzen diren teknikak dira, eta Erresuma Batuan onartuta daude, gogoratu dutenez.

Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionaleko (CNIC gaztelaniazko izenagatik) ikerketa talde batek CIC biomaGUNEko ikertzaile talde batekin lankidetzan eginiko ikerlanaren arabera, «zelula guztiek errefusatu egiten zuten bi aldaera mitokondrial izatea eta mtDNA bietako bat ezabatzen zuten pixkanaka, baina organo garrantzitsu batzuk ez ziren hori egiteko gai, adibidez, bihotza, birika edo muskulu eskeletikoa».

Ikerketan parte hartu duen Jose Antonio Enriquez doktoreak nabarmendu duenez, garrantzi handiko informazioa da hori emaileen mitokondria-transferentzia bidezko terapietan, ikerlanean ikusi baitute «gaztaroan itxuraz osasuntsu zeuden animaliek epe luzera bihotz-gaitasuna, birika-hipertentsioa, muskulu-masaren galera, hauskortasuna eta heriotza goiztiarra» izaten zutela.

Ikertzaileek azaldu dute «zelula berean mtDNA aldaera bat baino gehiago» ager daitezkeela «modu naturalean» (heteroplasmia), mutazioaren ondorioz, eta horrek zenbait gaixotasun eragiten dituela, baina «azken urteetan, gaixotasun batzuei aurrea hartzeko eta ugalkortasuna hobetzeko» zenbait teknika proposatu dira, heteroplasmia mota berri bat sortzeko; eta ‘hiru guraso genetikoren umeak’ izenez ezagutzen dena horietako bat da.

Ana Victoria Lechuga-Vieco doktorea eta artikuluaren lehen sinatzaileak gogoratu du «oraindik argitu gabeko galdera biologikoa» dela zergatik hautatu duen naturak mtDNA guraso bakarretik bakarrik transmititzea. Azaldu duenez, orain arte horrek ez du osasunaren alorrean inplikaziorik izan, baina «terapia mediko berriek hesi biologiko hori hautsi dezakete, eta, nahita edo nahi gabe, eragin dezakete indibiduo batengatik baino gehiagorengandik datozen mtDNAk nahastea».

Enriquezek erantsi duenez, ikerketaren datuak argitaratu arte «ez genekien nahaste horrek indibiduoarengan eraginik bazuen ala ez».

“Circulation” aldizkarian publikatutako artikuluan, ikertzaileek argi diote «mtDNAren mutazio patologiko ezagunak dituzten obozitoetako mitokondriak ordezkatzeko metodorik itxaropentsuak huts egin» dezakeela, «eta ez da ordezkapenaren %100 lortzen».

Gakoa, genoma mitokondrialak bateragarriak direla bermatzea

Adituek nabarmendu dute, bestalde, arriskuek ez dituztela mitokondria-ordezkapeneko teknikak baztertu behar. Gomendioa da, Enriquezek dioenez, odol-transfusioetan edo organo-transplanteetan emailearen eta hartzailearen arteko bateragarritasuna zaintzen den bezala, emailearen eta hartzailearen genoma mitokondrialak bateragarri izatea bermatzea.

Aipaturiko lanean, Ikerketa Kooperatiboko biomaGUNE zentroak hartu du parte, eta Estatu espainoleko Gobernua, Human Frontier Science Program eta Lakuako Gobernuko Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Elkartek programaren laguntza izan du.