GAUR8

«Enpatikonomiari buruzko jardunaldia» Oiartzunen

Ingurua eta inguruko pertsonen zaintza ardatz duen enpatikonomiari buruzko jardunaldia antolatu dute ostitalerako Oiartzunen. «Energia aurrezteko bide eta esperientziak, esklusio egoeran dauden pertsonen inklusioa eta tokiko komunitateen indarra negozio egiteko orduan» landuko dituen gai nagusiak dira.

Energia aurrezteko esperientziak jardunaldiak jorratuko duen gaietako bat da.
Energia aurrezteko esperientziak jardunaldiak jorratuko duen gaietako bat da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Oiartzungo Zinealdean «Enpatikonomiari buruzko jardunaldia» ospatuko dute ostiralean (hilak 25). Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatuta, enpresei zuzendutako saioa da eta energia aurrezteko esperientziak jorratuko ditu, ekonomia inklusiboaren ikuspuntuan sakonduz.

Fokua enpatikonomia terminoak adierazten duen «ingurua eta ingurukoa kontuan hartzen dituen ekonomia inklusiboan» jarriko du solasaldiak. «Jarduera ekonomikoaren inguruko pertsonen eta errealitatearen zaintza negoziorako aldagaien artean sartzen dituen» filosofiak inguruko pertsonekiko enpatiaz eta ez apatiaz jardutearen garrantzia nabarmentzen du, «inguruko pertsonak eta errealitatea ongi egotea eta ongi sentitzeak» negozioan daukan eragin positiboa kontuan hartuta.

Jardunaldia goizean ospatuko da Zinealdeko Chaplin aretoan, goizeko 10.00etan hasita eta 13.30era arte. Hiru gai nagusi landuko ditu: «energia aurrezteko bide eta esperientziak, esklusio egoeran dauden pertsonen inklusioa eta tokiko komunitatearen indarra negozioa egiteko orduan», Migel Angel Sanchez Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi duenez.

Aurrez aurre eta Interneten

Deialdia gai horietan interesa duten enpresei irekita dago, eta doakoa izango da. Parte hartzeko, izena emateko formularioa bete beharko dute.

Jardunaldia aurrez aurre jarraitzeko aukera dago oraindik, «baina bertaratzerik ez dutenek streaming bidez jarraitu» ahal izango dutela zehaztu dute. Oarsoaldearen Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da, esteka honen bidez.