GAUR8

Eboluzioak gizakiaren garunean duen eragina aztertzeko hainbat aditu bilduko dira Bilbon

Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko IV. Jardunaldi Nazionalak izango dira Bilbon apirilaren 28an eta 29an EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak antolatuta.

Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko IV. Jardunaldiak
Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko IV. Jardunaldiak (EHU)

Datorren asteko ostegun eta ostiralean zientzia arloko hainbat aditu bilduko dira Bilboko Bizkaia Aretoan eboluzioak gizakiaren garunean, adimenean eta portaeran duen garrantzia aztertzeko. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak antolatutako jardunaldiak dira.

Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko Jardunaldi Nazionalen laugarren edizioa izango da honakoa. Izan ere, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zenbait psikiatrak 2017an antolatu zuten lehenengoa.

Eva Garnica de Cos eta Pablo Malo psikiatrek antolatu dute aurtengo hitzordua. Azaldu dutenez, ikuspegi eboluzionista funtsezkoa da gizakiaren garuna, adimena eta portaera sakontasunean ulertu ahal izateko. «Hain da garrantzitsua, ezen askotariko jakintza-arloetara zabaltzen baita, baina oraindik ez du lortu prestakuntza-programetan dagokion lekua, eta askotan ezin ulertuta eta estigmatizatuta gelditzen da».

Adierazi dutenez, jardunaldien helburua «giza-portaeraren bilakaera markatzen duten eboluzioari loturako zenbait alderdiren inguruan ikuspegi zorrotz eta atsegina» eskaintzea da.

Lau mahai-inguru

Biologia, psikiatria, psikologia, filosofia eta bestelako esparruetako profesionalen topagune izango delakoan, lau mahai-inguruz osatuta dago programa. Lehenengo egunean, ostegunean, ekologiaren eta adimen artifizialaren inguruan arituko dira, bi eztabaidatan.

Ostiralean, aldiz, sexu-erakarpenaren bilakaera, ametsak, haluzinazioak, psikopatak eta giza eboluzioa izango dira hizpide, besteak beste, beste bi mahai-ingurutan.

Bi egunetako hizlarien artean Luis Caballero eta Julio Sanjuan psikiatrak, Helena Matute eta Laura Moran psikologoak, José Miguel Martinez neuropsikologoa, Emilio Bruner eta Fernando Valladares biologoak, Santiago Sánchez-Migallon filosofoa eta osasun fisiko eta mentalean aditu Marcos Vazquez ingeniaria nabarmentzen dira.

Izen-ematea

Sarrera doakoa den arren, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, izen-abizenak eta lantokia adieraziz mezu bat bidali behar da kzk.ehu@gmail.com helbidera.

Bizkaia Aretora joateko aukerarik ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute, EiTBren Kosmos kanalaren bitartez.