GAUR8

«Jokoteknia», bideojokoei buruzko adituen hausnarketak biltzen dituen liburua

«Jokoteknia» liburua aurkeztuko dute ostiralean, Euskal Bideojokoen Jardunaldien lehenengo hiru edizioen idatzizko bilduma. Aditu ezberdinen eskutik gai ugari landu duten topaketen argitalpenak doako bertsio digitala izango du, baita Bizkaiko liburutegientzako ale bana ere.

«Jokoteknia» liburuaren azala, irudian.
«Jokoteknia» liburuaren azala, irudian. (Azkue Fundazioa-Game Erauntsia Elkartea))

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak “Jokoteknia” liburua argitaratu dute, Euskal Bideojoen Jardunaldien lehenengo hiru edizioen hitzaldien edukiak biltzen dituena. Lanaren paperezko bertsioa Bizkaiko liburutegian egongo da eskuragarri; eta formatu digitalean, doan eskuratzeko aukera dago Jokotekniaren webgunetik deskargatuta.

Liburua argitaratzen duten erakunde biek nabarmendu dutenez, bideojokoetara euskaraz hurbiltzea ahalbidetzen duten jardunaldi «iraultzaile» horiek daude lanaren muinean, hainbat arlo eta gai jorratuz.

Zehaztutakoaren arabera, gai ezberdinen gaineko hamalau testuk osatzen dute liburua, eta horien artean «euskal bideojoen historia, ekoizpena, diseinua eta animazioa» daude, baina baita itzulpengintza eta lokalizazioa ere. Era berean, kontserbazioa eta feminismoa lantzen diren beste gaietako batzuk direla aurreratu dute egileek, eta gogoratu dute autoreen artean nazioarteko enpresa handietan eta Euskal Herrian lan egiten duten profesionalak daudela.

Gaian adituak diren emakumeen ekarpena

Genero arrakala oraindik oso presente dagoen testuinguru batean, jasotako emakumeen ekarpena ere azpimarratu dute, Jone Zalduegi Urresti Emoki Elkarteko hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna, Itziar Zorrakin Goikoetxea ‘gameplay’ programatzailea eta EHUko itzulpengintza doktoregaia eta Laura Santamaria Universitat Autonoma de Barcelonako ikus-entzunezko itzulpen irakaslearen parte hartzea aipatuz.

Liburuaren zabalpenari dagokionez, Azkue Fundazioak aurreratu du paperezko kopia bana helaraziko dituela Bizkaiko liburutegi publiko guztietara. Bertsio digitala, bestalde, Pdf formatuan doan zabalduko dute Jokotekniaren webgunean.

Argitara emandako hau ez da, gainera, azkena izango. Jardunaldien aurtengo edizioa prestatzen ari diren bitartean, 2021eko eta 2022ko saioetan bildutako ezagutza bigarren liburuxka batean biltzeko asmoa agertu dute.