GAUR8

Elkarteentzako adikzioen arloko prebentziorako laguntzak jarri ditu abian Lakuak

EAEn lan egiten duten tokiko erakundeei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta, adikzioen arloan arriskuak eta kalteak murriztera bideratutako jarduerak finantzatzeko laguntza lerro bat aktibatu du Lakuak.

Jarduera osasungarriak sustatzeko laguntzak aurreikusten ditu deialdiak.
Jarduera osasungarriak sustatzeko laguntzak aurreikusten ditu deialdiak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Adikzioen arloko prebentzio planak garatzeko laguntza-lerro bat jarri du abian Lakuako Gobernuak, tokiko erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta. Adikzioak prebenitu edo murriztera bideratutako jarduerekin batera, jarrera osasungarriak sustatzeko antolatzen dituzten ekimenak  ere finantzatuko dira.

Adikzioekin lotutako programak mantentzea, behar berriak identifikatzea eta proiektu berriak babestea dira laguntzen helburu nagusiak, Lakuako Osasun Sailak azaldutakoaren arabera.

Zehaztu dute, halere, deialdia hiru ardatzetan egituratzen dela. Horietako bat adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak jasotzen ditu, milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontuarekin.

Tokiko planetako prebentzio komunitarioko programak garatzeko laguntzak emateko, bestalde, 560.000 eurotik gora bideratuko dira; eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta jokaera osasungarriak sustatzeko proiektuentzat, 118.500 euroko partida bat jasotzen du Gobernu Kontseiluak onetsi duen aginduak.

Jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzea eta tratatzea helburu duten proiektuentzako 236.000 euroko partida aurreikusten du Gobernu Kontseiluko akordioak.