GAUR8

Mahastietan landare estalkiak jartzeak nabarmen geldiarazten du higadura ikerketa baten arabera

NEIKERek Arabako Elbillarren egindako ikerlan batek mahastietan landare estalkiak erabiltzeak lurzoruaren higadura geldiarazten laguntzen duela ondorioztatu du. Lurzoruko berezko landare horiek dira gakoa, haien altuera kontrolatuz.

Mahastietan. lurzoruen higadura murrizteko azterlana egin dute Arabako Errioxan.
Mahastietan. lurzoruen higadura murrizteko azterlana egin dute Arabako Errioxan. (NEIKER)

Arabako Elvillarreko Maisulan Upategietan landare estalkien erabilera ikertu dute, eta ondorioztatu da konponbide horrek zortzi aldiz murrizten duela maldan dauden mahastietako lurzoruen higadura.

Ikerlana NEIKER zentro teknologikoak burutu du Europako hego-mendebaldeko mendialdeetan klima aldaketak dituen arriskuei nola aurre egin aztertzen duen Montclima proiektuaren barruan.

Emaitzak Bilbon aurkeztu dira egunotan, ‘Lurzorua klima aldaketaren inpaktuetatik babesteko estrategiak’ izeneko nazioz gaindiko mintegian.

Euskal ikerketa zentroak zehaztu duenez, «berez hazten diren landare estalkiekin» lan egin dute, eta ikerketak egiaztatu du horien erabilerak lurzoruen higadura «2,1 tonara murrizten duela urtean lur hektarea bakoitzeko». Datuak biltzeko lanak 2022ko apirilean hasi ziren eta aurtengo apirilera arte luzatu dira.

Montclima Europako proiektuaren baitan, NEIKERek antolatu du nazioarteko topaketa, mendialdeetan klima aldaketak dituen ondorioei aurre egiteko praktika jasangarriak aztertzeko.

Europar Batasunaren finantziazioa duen lankidetza proiektua da, estatu frantses, espainola, Andorra eta Portugalen parte hartzearekin.

Izan ere, ospatu berri den mintegian, Estatu frantseseko kideek sute baten ondoren higadura saihesteko egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte, eta Andorrako ikerlariek material solidoen mobilizazioa mugatzeko birlandatze efektuak partekatu dituzte.

Euskal Herriko esperientziari begira, zentroak nabarmendu du ardotarako mahatsondoaren laborantzak herrialdean duen pisua: «txakolinaren Jatorri Deitura desberdinetako ekoizpen eremuaz gain, horiek guztira 1.000 hektarea inguru direlarik, mahastizaintzaren masarik handiena Arabako hegoaldean dago, Arabako Errioxan, 13.000 hektarearekin».

Ikertzaileek gogoratu dutenez, azken zonalde horretan prezipitazioak kantauri isurialdean baino askoz urriagoak izan arren, «mahastietan belarrak kontrolatzeko egiten den ohiko kudeaketak higatzeko arrisku handiagoa izatea eragiten du».

Kalkuluen arabera, Arabako errioxako mahastien azaleraren «5.000 hektarea baino gehiago higatzeko arriskuan daude, eta are gehiago klima aldaketak seguruenik ekarriko dituen fenomeno metereologikoak gehituz gero».

«Ez da goldatu behar»

Ikerketa burutu den Maisulan Upategietan, ekoizpen ekologikoaren bidez kudeatzen dituzte mahastiak. Azterlana Graciano barietateko mahasti batean egin da, %10-20ko maldarekin, maneiu konbentzionala eta mahastiko landare estalki espontaneoaren bidezko maneiua alderatuz.

«Horrek esan nahi du ez dela goldatu behar, eta lursailaren berezko belarrak mahatsondoen ildoak kolonizatzen joan daitezen utzi behar dela, horien altuera kontrolatuz, urtean 1-3 sega pasa bidez, betirere lurraren gainaldiari ahalik eta kalterik txikiena egiten saiatuz», azaldu du Olatz Unamunzaga NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Saileko arduradunak.