GAUR8

Joseba Omar eta Patxi Zorrozua omendu ditu Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Bilbon

Joseba Omar eta Patxi Zorrozua txistulari bilbotarren ibilbide oparoa omendu du asteburuan Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Bilbon. Elkartearen Zilarrezko Domina jaso dute biek.

Patxi Zorrozua, irudian, Joseba Omarekin batera izango da omendua larunbatean Bilbon.
Patxi Zorrozua, irudian, Joseba Omarekin batera izango da omendua larunbatean Bilbon. (Euskla Herriko Txistularien Elkartea)

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Joseba Omar eta Patxi Zorrozua txistularien «ibilbide luzea eta oparoa» eskertzeko ekitaldia antolatu zuen pasa den larunbatean Bilbon. Zilarrezko Domina eman zieten Arriaga Antzokian izandako ekitaldian. Horren inguruan hainbat elkarretaratze eta kalejira izan ziren goizean zehar.

Joseba Omarrek txistulari elkarteko antolakuntzan lan egin du. «Ezkutuko lana sarri, baina tankera horretako elkarteek aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa», nabarmendu zuten.

Patxi Zorrozuak Bilboko txistu akademiarekin lotuta egindako lana goraipatu zuten. Bilbotarra elkarteko Bizkaiko arduraduna eta lehendakaria ere izan da.

«Horregatik guztiagatik, Txistulari Elkarteak duen sari esanguratsuenetakoa» den Zilarrezko Domina eman die biei, Bilbao Musikarekin elkarlanean. Ekitaldian Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Euskal Herriko beste hainbat txistularik hartu zuten parte.

Ekitaldiaren aurretik, Bilboko Zazpi Kaleetan zehar ibili zen kalejira. Bazkari batek itxi zuen hitzordua.

Larunbateko omenaldi horren harira, gogoratu zuten 1927. urtean jaio zela Euskal Herriko Txistulari Elkartea, irailaren 20an Arraten, Eibarren, ospatu zuen lehen batzarrean.

«Orduan 125 bazkide baziren, gaur egun Euskal Herri osoko milatik gora txistularik eta txistu-zalek osatzen» dute «gure kulturaren osagai garrantzitsua den txistua zaindu eta garatzea» helburu duen elkartea, azpimarratu zuten.