GAUR8

200 ikerlariren laguntza izango duen Elhuyar Zientzia Azokak izen-ematea zabaldu du

Elhuyar Zientzia Azokak edizio berri bat prestatu du, aurten euskarazko proiektuentzat bakarrik. DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta, izena emateko epea zabaldu dute, eta 200 ikerlari baino gehiago azaldu da jada laguntzeko prest. «Ikerketa zientifikoa barrutik bizitzeko aukera» ematen du ekimenak.

Elhuyar Zientzia Azokaren azken edizioa Bilbon.
Elhuyar Zientzia Azokaren azken edizioa Bilbon. (Elhuyar Fundazioa)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxillergoko ikasleei zuzenduta, aurtengo edizioan, lehen aldiz, euskarazko proiektuak onartuko ditu bakarrik Elhuyar Zientzia Azokak.

Beraz, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleak eta euren irakasleak daude gonbidatuta. Ondoan, aholkulari gisa hainbat ikertzaile izango dute

«Ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera» ematen du ekimenak, nabarmendu dutenez. Helburua da «gazteei laguntzea eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak» izan ditzatela.

Azpimarratu dutenez, 200 ikertzaile baino gehiagok eman du izena jada aholkulari izateko, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik. «Ikerlari horien artean, %51 emakumeak dira, %48 gizonak eta gainerakoak, genero ez-bitarrekoak», zehaztutakoaren arabera.

Ikasle taldeek aukeratuko dute gaia, eta hortik aurrera «galdetzea, ikertzea, eraikitzea, partekatzea eta esperientzia berriak bizitzea» da proposatzen den plana.

Azpimarratu dutenez, ibilbide horretan benetako profesionalekin jarriko dira harremanetan eta beren proiektuak garatzeko bidelagun izango dituzte ikerlari horiek.

Prozesuaren bukaeran, ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat aurkeztu behar dute. Egitasmo horiek ekainaren lehen asteburuan ezagutu ahal izango dira, Bilboko Areatzan Azokak izango duen ekitaldi nagusian.