GAUR8

«Zer egingo duzu asteburuan?», boluntarioak bilatzen ditu Gorabidek

Adimen desgaitasuna duten pertsonen aisialdiko jardueretan laguntzeko boluntarioak bilatzeko kanpaina zabaldu du Gorabidek. «Zer egingo duzu asteburu honetan?» galdera bota dute, praktikek titulu ofiziala lortzeko lagundu eta hainbat karreretan kredituak ematen dituztela gogoratuz, baina batez ere «ematen dena baino askoz gehiago jasotzen da» esaten ohi den hori zuzenean esperimentatu daitekeelako.

Boluntarioak bilatzeko kanpainako kartel bat, irudian.
Boluntarioak bilatzeko kanpainako kartel bat, irudian. (Gorabide)

Adimen desgaitasuna duten pertsonekin aisialdiko jardueretan laguntzeko boluntarioak bilatzeko kanpaina jarri du abian Gorabidek. «Zer egingo duzu asteburu honetan?» galdera lelotzat hartuta, 18 urtetik gorako lagunei dago zuzenduta.

Nabarmendu dutenez, programan parte hartzeak aisialdiko monitorea izateko titulu ofiziala eskuratzeko praktika-orduak pilatzeko aukera ematen du, eta «unibertsitate-karrera batzuetan aukera askeko kreditu modura aintzatetsi daitezke».

«Halako boluntarioei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren inklusioa ahalbidetzera bideratutako jardueretan parte hartzen dute, beren denbora librea modu dibertigarri eta asebetegarrian erabiliz, ingurune normalizatuan», azaldu du elkarte bizkaitarrak.

Gutxieneko betekizunak egiteko denbora apur bat izatea eta «esperientzia ezberdin bat bizitzeko gogoa izatea» dira bete beharreko baldintzak, «benetan merezi baitu», azpimarratu dutenez.

Bi norabideko laguntza

Maite Fernandez elkarteko Aisia eta Denbora Libreko zuzendariaren esanetan, «emaitza bikoitza da: adimen desgaitasuna duten pertsonek beren gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetu egiten dela ikusten dute, eta pertsona boluntarioek esperientzia pertsonala eta prestakuntzakoa bizi dute, guztiek aski balioetsia». «Etengabe aipatzen dute ematen dutena baino askoz gehiago jasotzen dutela», erantsi du.

Boluntariotza programaren inguruko informazioa jasotzeko Gorabidera deitu daiteke telefonoz, tiempolibre@gorabide.com posta elektronikora idatzita edo Gorabideren webgunean sartuz.