GAUR8

Zientzia elkarteetan emakumeen aintzatespenak izan duen bilakaera positiboa ondorioztatu du ikerketa batek

Ekonomia arloko erakunde eta elkarteetan ikertzaileen bikaintasunaren aitortzan generoak jokatzen duen papera aztertu du Nagore Iriberri UPV/EHUko ikerlariaren parte hartzea izan duen ikertzaile talde batek. Azken urteetan emandako bilakaera positiboa ondorioztatu da, baina Iriberriren ustez, lan handia geratzen da «tixikitatik banaketa parekidea bultzatzeko».

Nagore Iriberri UPV/EHUko ikertzailea eta irakaslea.
Nagore Iriberri UPV/EHUko ikertzailea eta irakaslea. (Mitxi/EHU)

Econometric Society eta izen handiko nazioarteko beste zientzia elkarte batzuen azterketa oinarri hartuta, ikertzaile talde batek «generoak lankideen edo parekoen ekarpenen bikaintasunaren aitortzan duen eragina» aztertu du.

Nagore Iriberri UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia irakaslea eta ikertzailea da ikerlari talde horren partaideetako bat, David Card Ekonomiako Nobel saridunarekin eta Stefano DellaVigna eta Patricia Funk ikertzaileekin batera.

Ohar batean gogoratu du EAEko unibertsitate publikoak gaiak duen proiekzioa, «erakunde zientifiko horien aitorpena lortzen duten kideak elitea» bihurtzen baitira, eta erreferentzia garrantzitsutzat hartuak izaten baitira.

Plano horretan, ikerketak baieztatu du gaur egun, ekonomiaren arloko elkarte garrantzitsuenetan, emakume akademikoek gizonek baino aukera handiagoa» dutela aintzatetsiak izateko. Nagore Iriberrik fenomeno hori azaltzen duten hiru arrazoi planteatzen ditu.

Ikerlariak azaltzen duenez, horren atzean egon daiteke akademikoek emakume zientzialariek historian zehar jasan dituzten oztopoez jabetu izana, «prozesuari buelta ematen saiatzen ari dira».

Ordezkaritza paritarioa izateak balio erantsia dakarrela pentsatzea aipatzen du bigarren arrazoi gisa, eta hirugarren lekuan, zientziaren munduaren begirada berria nabarmentzen du: «denek aukera berdinak dituztela pentsatu arren emakumeek zailagoa dutela» konturatu izana.

Aztertutako erakunde eta elkarteetako milaka datu erabili dira proiektua garatzeko. Izan ere, aintzatespena lortzeko hautagai izan zitezkeen ikertzaile guztien datu basea ere sortu dute, argitaratutako artikuluak eta horiek jasotako aipamenak kontua hartuta.

«Antzeko ezaugarriak dituzten profilak sortuz, haien artean alderaketak egin ahal izan dira eta generoak aintzatespen horretarako izendatua edo hautatua izateko probabilitatean duen eragina zehaztu ahal izan da», azaldu du unibertsitateak prozesuaz.

Azken hamarkadetan izandako aldaketa

Lanaren emaitzen arabera, «generoak eragina du aintzatespen horretarako izendatua eta/edo hautatua izateko probabilitatean», baina emakume akademikoen aitortza aldatuz joan da azken hamarkadetan.

Iriberriren ustez, denborarekin «arlo honetako emakumeen ehunekoa gizonenaren antzekoa izango da», baina «horretarako lan egin behar da, eta ez zientziaren arloan bakarrik, gizarte osoan baizik, txikitatik banaketa parekidea bultzatzeko», nabarmendu du.