GAUR8

Odoleko plasma bereizteko sistema hobetzen duen gailua diseinatu dute EHUko ikerlariek

UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak odoleko plasma bereizteko sistema berri bat garatu du, bereizmen handiko 3D inprimatze metodologia erabiliz. Prototipoak detekzio sistema hobetzen duela nabarmendu dute.

Fernando Benito Lopez UPV/EHUko ikertzailea bereizgailu berria erakusten.
Fernando Benito Lopez UPV/EHUko ikertzailea bereizgailu berria erakusten. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

Plasma odoletik modu erraz eta fidagarrian bereizten duen gailu bat garatu dute UPV/EHUko ikerlariek. Bereizgailu modularrak azkar optimitzatzen dituen sistema diseinatzeko, neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze metodologia erabili du Mikrofluidika Clusterrak.

Unibertsitateak berak nabarmendu duenez, «mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan, oso lagin txikiekin lan egiten delako eta emaitza berak lortzen direlako».

Honekin lotuta, azaldu dute odol-zelulak oztopo izaten direla biomarkatzaile determinazio askotan, eta horrek okerreko kontzentrazio-balioak eragiten dituela. «Beraz, plasma bereiztea urrats kritikoa da errendimendu analitikoa hobetzeko eta detekzio sistema fidagarri eta zehatzak garatzeko», argitu dute.

Fernando Benito Lopez doktoreak, klusterreko ikertzaile nagusiak, azpimarratu duenez, sistema honi esker prozesu osoa integratzen da gailu fluidikoaren barruan. Gailuak, gainera, analisiaren kalitatea hobetzen du, «azkarragoa delako eta akats gutxiago sortzen direlako, gizakiaren esku-hartea txikiagoa baita», zehaztu du.

Ikerketa DNASURF izeneko Europako proiektuaren barruan dago, Britainia Handiko Newcastleko Unibertsitatearen koordinaziopean egiten ari da, eta Europako eta munduko ikerketa taldeen arteko ezagutzeen trukea sustatzen du, argitu dutenez.