GAUR8

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu dute EHUko hiru zentrok

UPV/EHUko hiru unibertsitate zentrok lortu berri dute euskararen erabileran egindako aurrerapausoak nabarmentzen dituzten Bikain Kalitate Ziurtagiriak: Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak, Arabako Errektoreordetzak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak.

Lehen planoan, Junkal Gutierrez, Manoli Igartua, Agustin Erkizia, Ana Beraza eta Beronika Azpillaga, ezkerrretik hasita; ikastetxeetako langileen ondoan.
Lehen planoan, Junkal Gutierrez, Manoli Igartua, Agustin Erkizia, Ana Beraza eta Beronika Azpillaga, ezkerrretik hasita; ikastetxeetako langileen ondoan. (UPV/EHU)

UPV/EHUko hiru zentrok Euskararen Ziurtagiria lortu dute, euskararen normalizazio-mailaren egiaztapena nabarmentzen duen izendapena, hain zuzen ere.

Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak Bikain ziurtagiria lortu du urrezko kategorian (goi mailan), eta Arabako Errektoreordetzak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak zilarrezko kategorian (maila ertainean).

Lakuako Gobernuak ematen ditu ziurtagiri ofizial horiek, euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa duen mailaren arabera.

«Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin duen konpromisoa gure unibertsitatea definitzen duen ezaugarrietako bat da, eta Bikain ziurtagiriak euskararekiko hobekuntza-konpromiso hori azpimarratu besterik ez du egiten», azaldu zuen Junkal Gutierrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak ziurtagiriak banatzeko ekitaldian.

Hiru izan dira EHUk aurten jaso dituen ziurtagiriak, baina beste zazpi eskuratu ditu azken urte hauetan, gogoratu zuenez. «Lortutako Bikain ziurtagiriek erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitateko langileok gero eta euskaldunago egiten dugula unibertsitatea, gero eta gehiago erabiltzen dugula euskara lanean integratzeko, eta gero eta gogo eta asmo handiagoa dugula bide horretan aurrera egiteko», erantsi zuen Gutierrezek.

2016. urtean hasi zuen ibilbidea UPV/EHUko Informatika Fakultateak, eta beste bederatzi unibertsitate zentro gehitu dira erronkara: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Farmazia Fakultatea, Kimika Fakultatea eta, berriki, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetza, Arabako Campuseko Errektoreordetza eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatea.

Guztira, bi ikastetxek lortu dute Bikain ziurtagiria urrezko kategorian, zazpik zilarrezkoan eta batek brontzezkoa, zehaztu du unibertsitate publikoak ohar batean.