GAUR8

2022. urte «oparoko» zientzia albiste nabarmenenak zerrendatu ditu Elhuyarrek

Urte oparoa izan da 2022koa zientzia eta teknologia arloei dagokienez. Elhuyar Fundazioak hamar albiste nabarmenenen zerrenda osatu du urtea agurtzeko, Irulegiko aurkikuntzatik edota adimen artifizialean euskarak emandako urratsetatik igaroz.

SMACS 0723 kumulua, JWST teleskopioak zabaldutako lehen irudia.
SMACS 0723 kumulua, JWST teleskopioak zabaldutako lehen irudia. (NASA, ESA, CSA eta STScI)

2022. urtean izandako hamar berrik osatzen dute Elhuyar Fundazioak aurkeztu berri duen zientzia albiste nabarmenen zerrenda, eta ez da erraza izan hamarrera mugatzea, «urte oparoa» izan baita zientzia arloari dagokionez, azaldu dutenez.

Unibertsoaren argazkirik sakonenak kokatzen dira zerrendaren buruan, James Webb teleskopioaren lehen irudi eta datuen aurkezpena gogoratuz: «Unibertsoari inoiz ateratako argazki sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak» aurkitzen ziren, edo beste era batera esanda, «munduak inoiz izan ez duen ikuspegi berri eta iraultzailea», NASAko ordezkarien arabera.

Adimen artifizialen aurrerapenak eta euskararen zerbitzurako Oraik garatutako hainbat produktuen sorrerak osatzen dute zerrenda, baita deshazkundea terminoaren inguruko estrategiak ere. Horren inguruan azpimarratu du Fundazioak gero eta zientzialari gehiagok hartzen duela egungo krisiari aurre egiteko irtenbidetzat, eta «aurten indar nabarmenez gizarteratu» den gaia dela.

Ezin zuen huts egin, halaber, Irulegiko eskuaren aurkikuntzak. Aurkikuntza «arkeologiko txundigarria» da Elhuyarren esanetan, duela 2.100 urteko brontzezko esku bat topatzea baskoien herrian eta bertan ezagutzen den baskoien hizkuntzako testurik zaharrena aurkitzea.

Covid-19 iraunkorraren gaineko azken ikerketak

Covid-19 iraunkorraren inguruko azken ikerketa eta izurri beltza eta laktosarekiko tolerantziari buruzkoekin jarraitzen du zerrendak. Izan ere, azpimarratzen du Elhuyarrek «izurri beltzak gure immunitate sistema eraldatu» zuela, eta izurriaren garaian gaitzaren aurrean babesa eman zuten geneek, gerora, gaitz autoinmuneekiko zaurgarriago egin dituztela gizakiak, ikertzaileek baieztatu dutenez. Izurriek ez ezik, goseteek ere laktosarekiko tolerantzia bultzatu zuten Europan, azken ikerketen arabera.

Karibeko mangladietan inoiz ezagutu den bakteriorik handienaren identifikazioa eta bi milioi urteko genoma isolapenaren lorpena daude, era berean, urteko zientzia albiste esanguratsuenen artean, baita Arnabaltzako aztarnategian azken neandertalen gainean eginiko azken aurkikuntzak ere.

Bukatzeko, DART misioak asteoride bat bere orbitatik desbideratzen izandako lorpena da zerrenda ixten duen albistea.