GAUR8
Gaur X urte

1924ko urtarrilaren 10ean jaio zen Eduardo Txillida

Futbolaria, margolaria eta, batez ere, eskultorea. 99 urte dira urtarrilaren 10ean Eduardo Txillida jaio zela, Donostian.

Eduardo Txillida, Humanitateen Eusko Ikaskuntza Caja Laboral saria eman ziotenean.
Eduardo Txillida, Humanitateen Eusko Ikaskuntza Caja Laboral saria eman ziotenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urtarrilaren hamargarrenean bete ziren 99 urte Eduardo Txillida jaio zenetik. Hiru senidetan zaharrena, militarra izandakoa zuen aita, Donostiara ezkondu eta Realeko presidente ere izan zena. Hain zuzen ere, Realean aritu zen atezain denboraldi batez, horretarako arkitektura ikasketak utzi ondoren. Belauneko lesio batek, ordea, kirolari profesionala izaten jarraitzea galarazi zion eta orduan, 19 urte zituela, artearen munduan murgildu zen.

1947an hasi zen Madrilgo Arte Ederren Elkartean marrazten. Erabaki zuen, eskuina izan arren ezker eskuarekin marraztu behar zuela, «erresoluzio figuratiboa bere trebetasun fisikoaren menpe izan ez zedin». Garai horretan hasi zen eskulturak sortzen. Bere ibilbidean zehar, Txillidak berebiziko garrantzia aitortu izan dio materialari, bakoitzaren ezaugarrietan oinarrituta lan bakoitzean duten esanahia azalduz.

Sobera ezaguna da Jorge Oteiza eskultorearekin urte luzez izan zuen areriotasuna. Biek ala biek konstruktibismoaren inguruan garatu zuten haien ibilbidea eta etengabe leporatu zioten batak besteari lanak plagiatzea. Hala ere, 1997an elkar barkatu eta adiskidetu ziren.

Haizearen orrazia oparitu zion Txillidak jaioterriari, monumentua Donostiako sinbolo bilakatuz. Luis Peña Gantxegi arkitektoarekin egin zuen proiektu hura eta baita Gasteizko Foru plaza ere. 2002ko abuztuaren 19an zendu zen Donostian familiak zuen etxean, zenbait urtez alzheimerrak jota bertan erretiratuta eman ondoren.