GAUR8
Gaur X urte

130.000 pertsonatik gora, giza eskubide, konponbide eta bake eske 2014ko urtarrilaren 11n

Gaur bederatzi urte Bilboko kaleak bete zituen giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko martxak, hainbat alderdi politikok deituta, Velasco epaileak Tantaz tanta ekimenak debekatu ondoren. 130.00 pertsona zenbatu zituen GARAk, 20.000 gehiago Udaltzaingoak.

130.000 pertsonatik gora batu ziren Bilbon.
130.000 pertsonatik gora batu ziren Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

2014ko urtarrilaren 11an 130.000 pertsonak Bilboko Autonomia kalea hartu zuten, baita haren inguruko beste zenbait ere, bakarrean ezin kabituta. GARAren arabera 90.000 izan ziren martxara gerturatu zirenak eta beste 40.000 geratu ziren inguruetan, ibilbidera sartu ezinik. Udaltzaingoaren arabera 100.000 eta 110.000 bitartekoa zen manifestari kopurua.

Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak, EAJk, Geroa Baik eta ELA eta LAB sindikatuek deitu zuten mobilizazioa. ERCko eta CUPeko hainbat ordezkarik ere bat egin zuten deialdiarekin. Manifestazioa isila izan zedin galdegin zuten antolatzaileek, eta presoen eskubideen aldeko hainbat aldarrik baino ez zuten apurtu.

Martxaren bukaeran ez zen ekitaldirik egin, ezta adierazpenik irakurri ere. Baina, politikariek alde egin bitartean, udaletxean zegoen jendetzak “Zai dago ama” kantatu zuen eta txalo zaparrada batekin amaitu zen mobilizazioa.

Alderdi politikoek eta sindikatuek egin zuten mobilizaziorako deia, Eloy Velasco epaileak Tantaz tanta ekimenak antolatuta zeukana debekatu baitzuen, deialdiaren bezperan bertan. Euskal Herrian inoiz egindako mobilizazio politikorik jendetsuena izan zen.